Politika -
Presoak
Epaileak bertan behera utzi du Areatzako presoen aldeko 'txokolatada'
Horren aurrean, Udalak jaietarako antolatu dituen presoen aldeko ekimen guztiak bertan behera uztea erabaki du.
agentziak | erredakzioa
Bilboko epaitegi batek bertan behera utzi du bihar goizaldean Areatzan, Udalak jai egitarauaren barruan antolatuta, egitekoa zen presoen aldeko "txokolatada". Horren aurrean, EH Bildu buru duen Udalak bertan behera utzi ditu aipatu ekitaldia, eta euskal presoen alde jaietarako antolatutako gainerako ekintzak ere.
Bilboko epaitegiak kaleratutako ebazpenak arrazoia eman dio Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, ETAko presoak "goratzea" helburu zuten ekitaldiak zirelakoan salatu baitzituen.
Gainera, Urquijok Juan Calparsoro EAEko fiskal gorenari eskatu dio presoen eta errefuxiatuen alde asteazkenean egin behar den bazkaria eta 22:00etarako deitu duten kontzentrazioa legearen kontrakoak ote diren aztertzeko.
Calparsorok Eferi jakinarazi dio ekitaldi horiek “hasiera batean” behintzat, ez dutela ematen “biktimak errespetatzen dituztenik”.
Udalak bertan behera utzi ditu ekitaldiak
Epailearen eskaria dela eta, Areatzako Udalak goizaldeko 'txokolatada' ez egitea erabaki du.
Asier Garcia Artetxe alkateak jakinarazi duenez, horrez gain, presoen alde jaietan egitekoak ziren ekitaldiak bertan behera utzi ditu eta atzera bota ditu horiek aurrera eramateko baimenak.