Politika -
Erabaki judiziala
Ibarrako jaien txupinazoa, debekatuta
Udalak agindua bete du, eta presoen senideek ez dute jaien hasierako suziria bota.
Agentziak | Erredakzioa
Ibarrako San Bartolome jaien txupinazoa debekatzea erabaki du epaileak, herriko presoen senide eta lagunen elkarteak suziria botatzea "terrorismoaren biktimei iraina izan daitekeelakoan". Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak atzo iragarri zuen ekitaldia debekatzeko eskaera egingo ziola Estatuko Abokatutzari. Jai Batzordeak erabakia bete du, eta ez dute azkenean jaien hasierako suziria bota.
Agindua txupina jaurtitzeko ordu erdi falta zela heldu da epaitegitik. Txupinazoa "biktimekiko irain ekintza" izan daitekeelakoan, beraz, kautelazko neurria hartu du epaileak.
Jai Batzordeak ekitaldia bertan behera uztea erabaki du, epailearen agindua beteta. Dena dela, batzordeko kide batek erabakiaren kontrako adierazpena irakurri du. Urquijoren jarrera "inposatzaile eta murriztailea" salatu dute, eta nabarmendu du ez direla delitu "maitasuna eta elkartasuna", "ezta maitasun eta elkartasuna adierazten duten horiei Ibarrako festetako programan leku bat egin izana ere".
Mikel Agirrezabala alkatea eta udalbatza ekitaldi alternatiboan izan dira, jai batzordeari babesa emateko eta debekua salatzeko.
Alkateak salatu duenez, "festak hasteko era sinbolikoa da txupinazoa, eta mehatxupean ez dugu egitea lortu". Goizean, debekuaren berri izan baino lehen, Radio Euskadin mintzatu da alkatea. Agirrezabalak bertan esan duenez, txupinazoa ez da "inor omentzeko", sakabanaketaren ondorioz presoen senideei "jaietan elkartasuna" erakusteko modu bat baizik.
Debekua eta auzi-errekurtsoa
Ekitaldia debekatzeko eskaera egiteaz gain, Ibarrako Udalaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu du Estatuko Abokatutzak.
2008an Udalak eta herriko taldeek adostutakoaren arabera, aurten "Ibarrako errepresaliatuen senide eta lagunek" bota behar zuen suziria. Urquijoren hitzetan, ekitaldi horrek "terrorismoa goraipatzea dakar, eta biktimak gutxiestea".