Politika -
Gipuzkoa
Aldundiak ez du Bidegin inputatutako biren defentsa egingo
Horrela, arratsaldean zabaldutako informazio bat gezurtatu du Aldundiak. Mirari Azurmendi eta Silvia Armenteros Aldundiko abokatuak defendatu behar zuela esaten zuen informazioak.
agentziak | erredakzioa
Antton Ibargutxi Otermin abokatuak, Gipuzkoako Aldundiko Defentsa eta Aholkularitza Juridikoko B Zerbitzuaren buruak, ez du beregain hartuko Bidegi auziaren baitan inputatutako biren defentsa, elkarteko bi kargudunena hain zuzen ere.
Horrela, gaur arratsaldean zabaldutako informazio bat gezurtatu du Aldundiak, kontrakoa esaten baitzuen. Mirari Azurmendi Bidegiren zuzendari teknikoa eta Silvia Armenteros elkartearen administratzailea dira bi inputatuak, gaur abokatu aldaketa eskatu dutenak.
Aldundiak biharko bilera onartuko du prozedura honetan parte hartu duten erakundeko bi abokatuen kaleratzea, Luix Barinagarrementeriarena eta Unai Iturriotzena, aurreko Aldundiak aukeratuak izan baitziren.
Kontua da Aldundia bera dela prozedura horretan akusazioa, Bilduk Aldundia zuzentzen zuenean jarritako bigarren kereilari baitagokio, AP-1 errepideko Arlabango tunelaren eraikuntzan izandako ustezko irregulartasunei, hain zuzen ere.
Aldundiak aipatu errepidearen eraikuntzan 17,1 milioi euro bidegabe erabiltzea leporatzen die inputatuei. Diru horren likidazioa 2011ko ekainean izan zen, Bilduk agintea hartu baino astebete lehenago.
Era berean, ustezko irregulartasunak gertatu zirenean Azpiegitura diputatu zenak, Eneko Goiak, eta Bidegiren presidente zenak, Markel Olanok, lekuko gisa deklaratzeko eskatu zuen.
Hala, egungo Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Donostiako alkateak urrian deklaratuko dute epaitegian.