Politika -
Lehendakaria-biktimak bilera
Biktimengana 'berandu' iritsi direla onartu du Urkulluk
Lehendakariaren hitzetan, biktimei 'alferrik eragindako kaltea aitortzea eta era guztietako indarkeria gaitzestea da etorkizuna eraikitzeko gutxieneko etikoa'.
EITB.EUS
'Terrorismoaren Biktimak eta Gizartea' jardunaldietan hartu du parte, gaur goizean, lehendakariak, Donostian. Estatu osoko biktimen elkarteak eta gizarte ordezkariak batu dira hausnarketa jardunaldian. Lehendakariak autokritika egin du, "1970eko eta 1980ko hamarkadetako terrorismoaren biktimei erantzuna berandu eman izanagatik".
Merkataritza Ganberaren egoitzan egin den topaketa Eusko Jaurlaritzak antolatu du, "aintzatespen instituzional" gisa. Urkulluk esan du hobeto egin behar dira alor horretako politika publikoak, eta hiru oinarri direla ezinbestekoak: biktimak eta gizarteak bat egitea, hausnarketa autokritikoa ea gutxieneko etiko bat defendatzeko ausardia.
Lehendakariak adierazi du berandu etorri dela "biktimek merezi duten sentiberatasuna eta erantzuna". Urkulluren esanetan, nolabaiteko "hutsartea" gertatu zen ETAren, GALen eta Batallon Vasco Españolaren biktimei eskainitako arretan, batez ere, 1970eko eta 1980eko hamarkadetan. Bere esanetan, autokritika beharrezkoa da kasu honetan, eta, horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren izenean "barkamena" eskatu du "lehenago erreakzionatu ez izanagatik".
Iraganari begiratu ostean, Urkulluk gogorarazi du gaur "ETAren mehatxurik gabe" bizi garela, eta "etorkizuna eraikitzeko garaia" dela. "Baina etorkizuna eraikitzeko ezin dugu iragana argitu gabe aurrera egin, errekonozimendurik gabe edota gertatutakoari kritikarik egin gabe", azaldu du. "Etorkizuna eraikitzeko gutxieneko etikoak zehazteko, ezinbestekoa da biktimei alferrik eragindako samina aitortzea, baita terrorismo modu guztiak eta terrorismoa legitimatzeko ahaleginak gaitzestea ere", baieztatu du.
Lan-jardunaldia gaur goizeko 09:00etan hasi da, lehendakariaren hitzaldiarekin, eta ondoren, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidenteak, Jose Luis de la Cuestak hitz egin du. Jarrian, eztabaida-dinamika bati ekin diote parte-hartzaileek: zazpi-zortzi bat lagunez osatutako saioetan biktimek gizartean zer zeregin izan behar duten landu dute.
AVT: 'Urkulluren autokritikak lasaitu egin gaitu'
Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT, gaztelera) presidenteak pozik hartu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak esandakoak eta biktimengana "berandu" iritsi izana aitortzeak "lasaitu egin" dituela azpimarratu du. Adierazpenok inflexio puntua izango dira elkartearen eta Jaurlaritzaren arteko harremanean.
Biktimen, biktimen elkarteen eta erakundeen arteko jardunaldian izan da Pedraza, Donostian. AVTren presidentearen aburuz, Urkullu "oso ausarta" izan da barkamena eskatuta, "egin duen moduan, are gehiago, terrorismoaren biktimez lepo zegoen areto batean egin dituelako adierazpenak".
Hitzok "harriduraz" hartu ditu Pedrazak, baina biktimak "lasaitu egin" dituela azpimarratu du.