Politika -

Harrera ofiziala

Biktimekin bilera 'emankorra' izan duela uste du lehendakariak

Besteak beste, Covite, AVT, M11 Elkartea, APAVT eta Valentzia, Andaluzia, Extremadura eta Balear Uharteetako biktimen elkarteetako ordezkariek hartu dute parte harrera ofizialean.

Angeles Pedraza AVTko presidentea Lehendakaritzara heldu denean. Argazkia: EFE
Angeles Pedraza AVTko presidentea Lehendakaritzara heldu denean. Argazkia: EFE
Biktimen hausnarketak eta kezkak entzun ditu Urkulluk

1:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoaren biktimen elkarteekin egindako bilera “konstruktiboa eta emankorra” izan dela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak. Kolektiboari “erakundeen aintzatespena” emateko balio izan duela esan du buruzagiak.

Espainia osoko terrorismoaren biktimen elkarteei harrera ofiziala egin die lehen aldiz gaur Urkulluk Gasteizen. Ekitaldia ateak itxita egin dute, Covitek hala eskatuta.

Biktimen 11 elkartetako, besteak beste, Covite, AVT, M11 Elkartea, APAVT eta Valentzia, Andaluzia, Extremadura eta Balear Uharteetako biktimen elkarteetako, ordezkariek hartu dute.

Batzarrak ia bi ordu iraun du. “Elkarteei erakundeen aintzatespena” emateko balio izan duela azaldu du Lehendakaritzak agiri batean. “Biktimak eta gizartea gaiaren inguruko gogoeta bateratua” egiteko balio izan duela erantsi du Jaurlaritzak.

Giro “adeitsua” eta “gogoeten aniztasuna”

Elkarteek “lehendakariari euren iritziak eta esperientziak azaltzeko aukera” izan dutela esan du Eusko Jaurlaritzak. Gasteizko Exekutiboaren hitzetan, giro “adeitsua” izan da, eta “gogoeta anitzak planteatu” dituzte biktimen ordezkariek.

Jaurlaritzak azpimarratu duenez, “kezkak entzun eta kontuan hartuko ditu”, eta “biktimen eta gizartearen arteko batasunean eta elkarrekintzan” sakontzeko itxaropena agertu du Jaurlaritzak.

Angeles Pedraza biktimak efe

Angeles Pedraza AVTko presidentea, Lehendakaritzara heltzen. Argazkia: EFE

"ETAk ez zuen existitu behar"

“ETAk ez zuen existitu behar” esanez lehendakariak erakutsi duen irmotasuna, eta Jaurlaritza “armak entregatu eta desegin” beharko lukeen talde batekin “negoziatzen ez aritzea” baloratu dute AVT eta APAVT elkarteeko ordezkariek.

Angeles Pedraza AVTko presidentea gustura agertu da lehendakariak erakutsi duen jarrerarekin. “Elkarte guztien jarreraren aurrean oso irekita agertu da”, adierazi du.

“Benetako terrorismoaren inguruan, hiltzaileak eta biktimak daudela dioenaz, Urkulluk diagnostiko egokia egiten duela uste dut”, erantsi du Pedrazak.

Bileran ez dira denak izan

Estatuko Segurtasun Indarretako Terrorismoko Biktimen Elkarteak, ostera, ez du bileran parte hartu. AVTren ondoren terrorismoaren biktima kopururik handiena ordezkatzen duen kolektiboa da. Elkarte horren ahotan, Eusko Jaurlaritzak “terrorismoaren aurkako borrokan egindako lana etengabe mespretxatzen du”.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere ez du parte hartu. Kolektiboko iturriek azaldu dutenez, elkartearen interesak eta Gasteizko Exekutiboarenak ez datoz bat.

Eusko Jaurlaritzaren bake planarekin desadostasunak

Elkarte batzuek, Covitek, AVTk eta APAVTk esaterako, lehendakariari Eusko Jaurlaritzaren bake planaren aurka daudela azaldu behar ziotela iragarri zuten bilerara joan baino lehen.

Harrera hasi aurretik, terrorismoaren biktimen elkarteak “entzuteko” eta, “ahal den neurrian, gizartean bete beharreko papera eta euren helburuak bideratzeko” borondatea agertu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Consuelo Ordoñez  Covite biktimak efe

Consuelo Ordoñez, Coviteko presidentea, Zigor Kodearen ale batekin. Argazkia: EFE

Zigor Kodearen ale bat eman dio Covitek Urkulluri

Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak Zigor Kodearen ale bat eman dio lehendakariari bileran. ETAren amaiera legearen eta justiziaren bidez lortu behar dela esan dio horrela Ordoñezek EAEko buruzagiari. “Bidezidorrak edo Poliziaren operazioak kritikatzea” alde batera uzteko eskatu dio.

Liburuan eskaintza bat gaineratu du Ordoñezek, Covitek agiri batean jakitera eman duenez: “Politikari bat datozen hauteskundeak alde batera utzi eta belaunaldi berrietan pentsatzen hasten denean estatu-politikari bihurtzen da. Estatu-politikari izan behar duen batentzat”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Terrorismoaren Biktimak Gaur