Politika -

Bidegi auzia

Arabak onartu du Gipuzkoak 10 milioi eman zizkiola AP-1eko lanetarako

“Salaketa faltsua kanpainaren azken egunera arte luzatu” du ezker abertzaleak, GBBk salatu duenez. EAJren hitzetan, ezker abertzaleak jeltzaleak “iraindu” behar ditu “botereari eusteko”.

Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea
Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea
Bidegi auzian bigarren kereila aurkeztuko du Gipuzkoako Aldundiak

1:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano eta Eneko Goia Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Errepide foru diputatua ohiak epailearen aurrean deklaratzera deitzea eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegi auzia ikertzen ari den epaileari.

AP-1 autobidearen eraikuntzan izandako ustezko irregulartasunen kasuan informazio berria jakinarazi du gaur Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaileak eta horren harira egin du iragarpena.

Ugartek azaldu duenez, auziaren kontura aurkeztutako bigarren kereilaren baitan, AP-1eko Arlaban tunelari dagozkionak (Arabako zatia), nahi ditu Olano eta Goiaren testigantzak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, autobideko lanen likidazioan tunela egiteko erabilitako materialaren neurketak faltsutu ziren eta, ondorioz, beste 10 milioi euro ordaindu zieten eraikuntza enpresei. Salaketa hori berresteko, tunela egiteko lanen inguruko informazioa eskatu zion Gipuzkoak Arabako Foru Aldundiari. Erantzuna, Ugarteren hitzetan, atzo heldu zen.

Arabak emandako erantzunaren arabera, 2009an tunela egiteagatik ordaindutakoak bere garaian egindako neurketei dagozkionak dira: 36,3 milioi euro. Dena dela, lanon behin betiko likidazioa egitean, 2001ko ekainean, 40,7 milioi euroko gainkostua erantsi zen, eta horietatik 10 milioi, Arlabango tunelari omen zegozkion.

"Ustelkeria kasu argi bat da"

Arabako Foru Aldundiak agertu duenez, Arlabango tunel egindako lanen neurketa eta balorazioak "bat datoz 2009ko apirilean egindako likidazioarekin". Hori horrela, "Arabako Bideak elkarteak Bidegiri" ordaindu zion dirutza.

Arabako erakundearen berbetan, "2009ko apirilaren 29tik 2001ko ekainaren 7ra ez zen lan zibil berririk egin Arlabango tunelean, eta beraz, ez dakigu zergatik handitu zituzten neurketak".

"Eskandalu bat da, ustelkeria kasu argia", salatu du Larraitz Ugarte Gipuzkoako foru eledunak eta azalpenak eskatu dizkie Markel Olano ahaldun nagusi eta Bidegiko presidente ohiari, Eneko Olanori, Felix Urkola Bide Azpiegituren Planifikazio eta Kudeaketa zuzendari ohiari eta Luis Mari Apraiz Errepide arduradun izandakoari. "EAJko lau kargu hauek azalpenak eman beharko dizkiete herritarrei", erantsi du.

Goiak, Urkolak eta Apraizek lanen likidazioari buruz egin zen azken bileraren akta sinatu zuten. Arabako errepideetako arduradunek, bestalde, 2009ko lanena izenpetu zuten. Denak ere lekuko gisa deklaratzera deitzeko eskatuko du Foru Aldundiak.

EAJ: “Botereari eusten jarraitzeko iraintzen du ezker abertzaleak”

‘Bidegi auzia’ren “salaketa faltsua kanpainaren azken egunera arte luzatu” du ezker abertzaleak, GBBk salatu duenez. EAJren hitzetan, ezker abertzaleak jeltzaleak “iraindu, jazarri eta suntsitu” behar ditu “botereari eusten jarraitzeko”.

Ugarteren adierazpenei erantzun die GBBk agiri batean. Jeltzaleen ahotan, “Larraitz Ugartek kanpainari amaiera eman dio hasi zuen bezalaxe: gezurretan”.

Zentzu horretan, “azken lau urteetan boterean izan duten jarrerak” ezker abertzalearen eta Ugarteren “traza moral eta politikoa agerian” utzi duela kritikatu du jeltzaleen Gipuzkoako zuzendaritzak.

Ezker abertzaleak “EAJ iraindu, jazarri eta suntsitu behar du botereari eusten jarraitzeko, horregatik gezurra eta akusazio funsgabeak ekintza politikorako tresnak ditu”, salatu dutenez.

GBBk azpimarratu duenez, ezker abertzalea “betikoa dela demostratzen ari da egunero, boterea galtzeko benetako aukeraren aurrean ikaraturik”.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Gipuzkoa Araba Gaurko titularrak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Arabako Foru Aldundia AP-1 autobidea Ustezko ustelkeria politikoa