Politika -
Europako Abokatuen Kongresua
Justizian esku-sartze politikoak daudela salatu dute EBko abokatuek
Nazario Oleaga Abokatuen Elkargoen Europako Federazioaren presidente izango denaren ustez, Auzitegi Nazionala ez da euskal abokatuek nahi bezain independente izan.
Agentziak | Erredakzioa
Nazario Oleaga Abokatuen Elkargoen Europako Federazioaren presidente izango denak salatu duenez, "Justizia Administrazioa ez da gainerako botereekiko, batez ere botere betearazle eta legegilearekiko, beharko lukeen bezain independentea".
Bilbon bihar hasiko den Europako Abokatuen Kongresuaren aurkezpenean egin du salaketa Oleagak. Haren ustean, Justizia independente ez izateko "laguntza eman dute botere politikoek herrialde guztietan" eta Europan "justiziak dituen trabak" kritikatu ditu.
Euskadiren egoera hizpide hartuta, kritiko agertu da Oleaga: "Botere judiziala ez da zenbaitetan, batez ere Auzitegi Nazionalaren bitartez hartutako erabakietan, euskal abokatuek nahi genuen bezain independente izan, eta horren adibide da Estrasburgoko Auzitegiak atzera botatako epaiak".
Justizia, gero eta garestiago
Federazioren buru izateko hautagaiak ohartarazi duenez, gainera, Europako herrialde gehienetan gero eta zailtasun gehiago daude Justiziara jotzeko eta "gero eta garestiagoa" da, Oleagaren esanetan.
"Ez diete herritarrei justiziara jotzea zuzenean oztopatu, baina zeharka, nolabait mugatzen ari dira, trabak ipintzen", nabarmendu du.
"Garestitze hori gainditzeko" ofiziozko txandako abokatuen lana aldarrikatu du Oleagak.
200 elkargoetako 120 ordezkari
Kongresua ostiral honetan abiatuko da, Josu Erkoreka Justizia sailburua, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Juan Calparsoro EAEko fiskalburua bertan direla.
Europako 200 elkargoetako 120 ordezkari izango dira Bilbon. Besteak beste, datozen urteetan Federazioaren presidentea aukeratu behar dute Kongresuan; Nazario Oleaga da hautagai bakarra.