Politika -
ETA-ren eta GAL-en biktimak
Azterketa juridikoa egingo dute biktimen Kongresuko ekitaldiari buruz
Jesus Posada Kongresuko presidenteak hartu du erabakia, PPren eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren protesten aurrean.
agentziak | erredakzioa
Jesus Posada Kongresuko presidenteak azterketa juridikoa eskatu du ETAren eta GALen biktimek maiatzaren 29an Kongresuan egingo duten ekitaldiaren ondorioen inguruan, ETAko preso ohi bat bertara joango dela-eta PPk eta Terrorismoaren Biktimek protesta egin ostean.
Horixe jakinarazi du Rafael Hernando PPren bozeramaileak, eta Kongresuko iturriek baieztatu egin dute. Era berean, aipatu iturriek gogorarazi dute jardunaldiak CiUk, EAJk, Ezker Anitzak eta Talde Mistoko alderdi batzuek eskatu zituztela, eta Kongresuko Mahaiak aho batez onartu zituela, PPk, PSOEk eta CiUk barne.
Aurreko astean, PPk erabakia berriro aztertzeko eskatu zion Mahaiari, eta Posadak erantzun zion baimenak goitik behera bete zuela Kongresuko araudia.
Hala ere, PPk berriro atera du gaia Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean, eta Posadak amore eman eta azterketa juridikoa eskatzea onartu du.
Kongresuko iturriek azaldu dutenez, araudiak dio ekitaldian gerta edo esan litekeen guztiaren ardura aretoa eskatu duten diputatuena dela.
Horren harira, Hernandok esan du iaz San Carlos Borromeo parrokian egindako ekitaldian adierazpen "nazkagarriak" entzun zirela, biktimen duintasunari eraso egiten diotenak.
Hernandoren esanetan, besteak beste, Josean Fernandez Hernando ETAko preso ohia da ekitaldian parte hartzekoa, hilketa bategatik 22 urteko kartzela-zigorra jaso zuena eta oraindik barkamenik eskatu ez duena.