Politika -
GIZA ESKUBIDEEN AUZITEGIA
Estrasburgok Espainia zigortu du tortura auzi bat ez ikertzeagatik
Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu du, Jon Patxi Arratibelen tortura salaketak ez zituelako ikertu. Behatokiak eraman zuen auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegira.
EITB.EUS
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du, Jon Patxi Arratibelek jarritako tortura salaketak ez ikertzeagatik. Estrasburgok gaur kaleratu duen epaiaren arabera, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren hirugarren artikulua urratu du Espainiak, Arratibelen tortura salaketa "ez zelako sakon eta modu eraginkorrean ikertu".
2011ko urtarrilean atxilotu zuen Guardia Zibilak Arratibel, Ekin erakundeko kide izatea egotzita. Hainbat egunez inkomunikatuta egon ostean, tortura fisikoak eta psikologikoak jaso zituela salatu zuen. Urte eta erdiz egon zen preso.
Torturak jaso eta bi hilabetera salatu zituen Arratibelek torturak epaitegietan. Inkomunikatuta egon zen egunetan artatu zuten auzitegiko medikuen txostenak, segurtasun kameren grabazioak eta zaindu zuten polizien entzuketak eskatu zituen orduan. Besteak beste, ariketa fisiko gogorrak eginarazi, biluzik jarri eta barrabiletan elektrodoak jartzeko mehatxuak egin, zakila urez betetako botila batean sarrarazi edota poltsa egin ziotela salatu zuen.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak, Iruñeko Instrukzio Epaitegiak eta Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zituzten Arratibelek jarritako salaketak. Hala, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak auzia Estrasburgora eraman zuen.
Gaur kaleratutako ebazpenak jasotzen duenez, pertsona bati komunikazioa erabat mugatzen zaionean, "erakundeek ahalegin nabarmenagoa egin behar dute salatutako gertakariak argitzeko". "Inkomunikatuta zegoen pertsona zaintzen ari ziren agenteei egindako entzuketa batek gertatutakoa argitzen lagunduko luke, modu batera edo bestera", epaiaren esanetan. Atxilotuak inkomunikatuta daudenean, ezinbestekoa da zaintza neurri zorrotzak jartzea, "gehiegikeriak ekiditeko eta atxilotuen osotasun fisikoa babesteko", gaineratu dute aho batez Estrasburgoko epaileek.
Aurretik ere zigortu izan du Estrasburgok Espainia tortura kasuak ez ikertzeagatik. Iazko urrian ere, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen, Oihan Ataun eta Beatriz Etxeberriaren tortura salaketak ez ikertzeagatik. Ordukoan ere, Espainiako Gobernuak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren hirugarren artikulua urratu zuela ebatzi zuen Estrasburgok; hau da, tortura salaketak egoki ez ikertzea egotzi zion.
Catalá: "Gure berme sistema hobetzen lagunduko digu”
Rafael Catala Justizia ministroaren hitzetan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak igorritako sententziak “gure berme sistema hobetzen lagunduko digu”.
Epaiaren aurrean “errespetua” agertu du Justizia ministroak Bilbon. Catalak gogorarazi duenez, auzia lehenengo Espainiako auzitegiek aztertu zuten eta “oinarrizko eskubideen urraketarik izan ez zela ebatzi zuten orduan”.
Espainiako Gobernua “gure Zuzenbidean berme prozesal gehiago barneratzeko lanean ari da”, erantsi duenez.
Sortu: “Estatua torturarekin ados dagoela agerian geratu da”
Bestalde, Espainiako Estatua torturaren aurrean “ez ikusiarena” egiten ari dela “agerian” utzi du Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak, Sortuk salatu duenez.
Zentzu horretan, “azken epaia izango ez” dela ohartarazi du alderdi abertzaleak. Tortura “ez da Poliziaren gehiegikeria bat” Estatuak “kontrol sozial eta politikorako” erabili duen “tresna” bat baizik, gaineratu duenez.
“Egiaren Batzorde” bat sortzea beharrezkoa dela azpimarratu du Sortuk, torturaren biktimek “kalte-ordaina” izan behar dutelako. Gainera, praktika horien aurkako “antidoto bezala egia” ezagutzea beharrezkoa da, erantsi duenez.