Politika -
43 pertsona hil ziren 2006an
Valentziako metroaren ezbeharra argitzeko, beste ikerketa batzorde bat
Valentziako alderdi guztiek, PPk izan ezik, Alderdi Popularraren “kudeaketa lotsagarria” konpontzeko konpromisoa hartu dute istripuko biktimen elkartearen aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
PSPV-PSOE, Ciudadanos, Podemos, Compromis, Esquerra Unida eta UPyD alderdiek PPren “kudeaketa lotsagarria” konpontzeko konpromisoa hartu dute gaur Valentziako metroaren istripuko biktimen elkartearen aurrean. Ezbeharrean 43 pertsona hil ziren, 2006an.
Alderdi horietako presidentegaiek agiri bat sinatu dute gaur. Uztailak 3 Metroko Biktimen Elkarteak azken bederatzi urteetan aldarrikatutakoa “bere egin” dute presidentegaiek adierazpenean. Gertatutakoaren “egia” eskatu dute biktimek. Era berean, erantzukizun politikoak argitzea eskatu dute.
Konkretuki, alderdi nagusietako hautagaiek, PPkoak izan ezik, ikerketa batzorde “objektiboa” sortzeko konpromisoa hartu dute, “egia argitzeko” eta metroaren segurtasunean “beharrezko aldaketak” egiteko.
Politikarien eta herritarren arteko elkarrizketa
Beatriz Garrote Elkarteko presidentearen hitzetan, agiriaren sinadurak “politikarien eta herritarren arteko elkarrizketa agerian utzi du, bederatzi urteetan Alderdi Popularrarekin ezinezkoa izan den elkarrizketa”.
Biktimei “kalte-ordain morala” ematea aldarrikatu dute hautagaiek. Horregatik, “PPk manipulatutako” ikerketa batzordea berriz zabalduko dute, Generalitateari duintasuna itzultzeko. Politikarien ahotan, “huts egin zien zerbitzu publiko batean sinetsi zuten senitartekoei barkamena” eskatu behar die Generalitateak.