Politika -

BIDEGI AUZIA

AP-1ean beste 10 milioi euroko iruzurra izan zela salatu du Ugartek

Arabako Foru Aldundiak, jada, ordainduta zituen lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro ordaindu zizkiola kontratistari salatu du foru diputatuak.

Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea
Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea
Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bidegi auzian, dagoeneko, 24 milioi eurora iritsi da Gipuzkoako Foru Aldundiak salatutako ustezko iruzurra. Gaur AP-1eko Eskoriatza-Arlaban zatiari buruzko datuak eman ditu Larraitz Ugarte Bide eta Azpiegitura diputatuak: zati horretako ordainketa egiterakoan aurreko agintariek zifrak "puztu" zituztela pentsatzeko arrazoiak daudela esan du Ugartek. Bidegik Arabari zegozkion 10 milioi euro ordaindu zituela salatu du diputatuak.

Bidegik hartu zuen bere gain Eskoriatza-Arlaban zati osoaren eraikuntza. Lanak amaitu ostean, 2009ko maiatzean, Bidegik 36 milioi euro eskatu zizkion Arabari, lurralde horri zegokion zatiarengatik eta 2011ko urtarrilean ordainketa egintzat eman zuten bi aldundiotako agintariek, besteak beste, Eneko Goya, orduko Errepide diputatuaren sinadurarekin.

2011ko ekainean, ordea, Bidegik 41 milioiko likidazioa adostu zuen kontratistarekin Gipuzkoako zatiarengatik. Larraitz Ugartek dioenez, baina, ordainketa horretan Arabako zatiko lanak ere sartu egin zituzten, jada, ordainduta zeudenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzetan, Araba Aldundiko teknikoek berretsi dute lurralde hartako lan guztiak 2009an ordaindu zirela. Hori kontuan izanda, Ugarteren lan-taldeak salatu du Bidegik egin gabeko lanak ordaindu zituela. Foru diputatuaren arabera, eskuartean duten hipotesietako bat da Bidegik puztu egin zituela diru partidak enpresei gehiago ordaintzeko, eta puzte horretan Arabako obra zatiak ere sartu zituztela.

"Ardura penalak" ote dauden aztertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, baina garbi du "ardura politikoak" egon badaudela. Gaur egun, Eskoriatza-Arrasate zatiari dagokion kereila aztertzen ari da Azpeitiako Epaitegia.

"Zegokiona baino euro bat gehiago” ordaindu ez zutela esan du EAJk

Aldundiaren akusazioak errefusatu ditu EAJk eta AP-1 eraikitzeko lanen likidazioan “zegokiona baino euro bat gehiago” ordaindu ez zutela ziurtatu du.

Bilduk akusazioak “asmatu” dituela salatu dute jeltzaleek. Obren likidazio guztiak “salbuespenik gabe, beti txosten teknikoetan” oinarritu zirela ziurtatu dute.

“Azken lau urteetan EH Bilduk misio bakarra izan du Aldundian: EAJren kudeaketaren aurkako edozein gauza bilatzea”, adierazi dute jeltzaleek. EAJren hitzetan, ezer ez dute aurkitu eta “etsita akusazio faltsu berri bat” egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gipuzkoa Araba Albisteak Gaur Eguneko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa Trafiko-istripua AP-1ean Ustezko ustelkeria politikoa albisteak