Politika -

Eusko Legebiltzarra

Aberastasunaren zerga EAE osora zabaltzea baztertu du Legebiltzarrak

EH Bilduren ekimenaz gain, osoko bilkurak atzera bota ditu PPk eta UPyDk aurkeztutako zuzenketak. Horrez gain, Hiriko auzian pertsonatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzeko EH Bilduk egindako proposamena atzera bota du gaur Eusko Legebiltzarrak. Gaur egun Gipuzkoan aplikatzen den zerga Arabara eta Bizkaira zabaltzea eskatzen zuen koalizio abertzaleak.

EH Bildu izan ezik beste alderdi guztiek ez legezko proposamenaren kontra bozkatu dute. Halaber, osoko bilkurak atzera bota ditu PPk eta UPyDk aurkeztutako zuzenketak; Alderdi Popularrak "gainerako espainiarrek duten beherapen fiskala" EAEn aplikatzea eskatzen zuen eta UPyDk, berriz, fiskalitateari buruzko lantalde bat martxan jartzea.

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren eraginkortasuna defendatu du, eta ukatu egin du izaera konfiskatzailea duenik edota enpresei kalte egiten dienik. Azaldu duenez, zerga horren helburua "gehien dutenek diru-kutxa publikoei egiazko ekarpena" egitea da. Koalizio abertzaleak emandako datuen arabera, Gipuzkoan 57,2 milioi euro bildu zituzten 2013an Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari esker.

Josu Gorospe EAJko legebiltzarkideak jeltzaleek eta sozialistek hitzartutako zerga erreforma defendatu du eta azpimarratu du ez dela "ez tokia eta ezta tokia ere" horri buruz hitz egiteko. Dena den, gogoratu du EAJk ez duela Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga babesten eta ondareari buruzko zergak armonizatzearen aldeko apustua egiten duela.

Txarli Prieto sozialistak EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga ituna hizpide izan du eta nabarmendu du itun horren emaitzak ebaluatu arte itxaron beharra dagoela proposamen berriak egiteko. Dena den, gogoratu du PSE-EEk aipaturiko zerga babestu zuela Gipuzkoan eta jeltzaleekin egindako akordioan gehitzea proposatu zuela, baina jeltzaleek ez zutela onartu.

Bestalde, Anton Damborenea popularra zerga horren kontra azaldu da, haren esanetan, "gipuzkoar guztiei kalte egiten dielako eta inori mesede egiten ez diolako".

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak adierazi du ondareari buruzko zergak armonizatzearen alde dagoela haren alderdia, harik eta enpresen deslokalizazioa saihesteko.

Hiriko auzian pertsonatzea eskatu dute

Osoko Bilkura berean, Hiriko auto elektrikoaren proiektu antzuaren sustatzaileen kontra Fiskaltzak aurkeztutako kereilan kaltedun moduan pertsonatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari.

EAJ ez beste taldeek babestu dute PSE-EEk eta UPyDk sinatutako zuzenketa. Proiektuak 18 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso zituen, eta fiskalaren arabera, funts publikoak desbideratzeko bakarrik sortu zuten proiektuaren sustatzaileek.

Pertsonatzea eskatzeaz gain, oraingoan talde guztien babesarekin, beste bi eskakizun egin dizkio Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Batetik, diru laguntza publikoak berreskuratzeko eginahalak egitea eta, bestetik, Hirikoren langileekin bildu eta "epaitegietan euren eskubideak defendatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Legebiltzarra bideoak EAE Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zerga politika