Politika -

Rajoyren bisita

Biktimen Memorialeko ekitaldia protesta artean egin dute Gasteizen

Frankismoko Krimenen kontrako Argentinako Kereilaren aldeko Plataformak eta Martxoak 3 Biktimen Elkarteak elkarretaratzea egin dute Arabako hiriburuan.

Biktimen Memoriala aurkezteko ekitaldia. Argazkia: EFE
Biktimen Memoriala aurkezteko ekitaldia. Argazkia: EFE
200 pertsonek protesta egin dute Biktimen Memorialaren ekitaldian

1:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak 1976ko martxoaren 3ko biktimak “ahaztu” eta Biktimen Memorialetik “at” utzi dituela salatu du gaur Frankismoko Krimenen kontrako Argentinako Kereilaren aldeko Plataformak. Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen, protesta batean.

Rajoyk Terrorismoaren Biktimen Memoriala proiektua aurkeztu du gaur, Gasteizen. Zentroa Arabako hiriburuan kokatuko da. Protesta egiteko elkarretaratze isila egin du Plataformak.

EAJk eta EH Bilduk egin bezala, Memorialean 1976ko martxoaren 3ko biktimek lekurik ez izatea salatu du Plataformak. Gertakarietan bost langile hil eta beste asko zauritu zituen Poliziak.

Diskriminazioa eta zigorgabetasuna

“Indarkeriaren jatorriaren arabera biktimak baztertzea” leporatu dio plataformak Gobernu zentralari.

200 bat lagunek elkarretaratzean parte hartu dute. NBEko gomendioak aplikatzeko eskatu dio Andoni Txasko Martxoak 3 Biktimen Elkarteko bozeramaileak Espainiako Exekutiboari. Biktima guztiek egia ezagutzeko eskubidea dutela adierazi du Txaskok. “Gizateriaren aurkako krimenen” arduradunek duten “zigorgabetasunarekin bukatzeko” eskatu dio Txaskok Gobernuari.

EH Bilduko eta Podemoseko kideek elkarretaratze isilari babesa eman diote. “Biktima bezala aintzat ez hartzea baino umiliazio eta diskriminazio handiagorik ez dago”, kritikatu du Unai Urruzuno koalizio abertzaleko bozeramaileak.

Era berean, Estatuaren biktimen erantzukizunaz askatzeko Espainiako Gobernua memorial “partziala” erabiltzen ari dela salatu du Urruzunok.

EH Bilduren hitzetan, PPren Gobernua “Estatuko aparatuen indarkeriak eragindako ehunka biktimen errealitatea mespretxatzen ari da”.

 
 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Rajoy berriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken ordukoa Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa