Politika -
Biktimen Memoriala
Rajoy: 'ETA garaitu dugu, baina orain desagertu egin behar da'
Espainiako presidenteak "hausturarik gabeko batasuna" eskatu die "demokrata guztiei" erakunde armatua desegin dadin.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ETAren aurrean erakutsitako jarrera sendoari eutsiko diola berretsi du, politika horrek "ETA garaitzea" ekarri duelako. Aurrerantzean, "hausturarik gabeko batasuna" eskatu die Rajoyk "demokrata guztiei", erakunde armatua desegin dadin.
Gasteizen egin ditu adierazpenok Rajoyk, Terrorismoaren Biktimen Memoriala izango denaren lehen harria jartzeko ekitaldian. Iñigo Urkullu lehendakaria ere izan da ekitaldi sinboliko horretan, Jaurlaritzak "biktimak aitortu eta gogoratzeko" egindako egoitza honetan zeresanik izan ez badu ere. Rajoy eta Urkullurekin batera, buruzagi politiko ugari izan da gaur Gasteizen; Jorge Fernandez Diaz (Barne ministroa) eta Alfonso Alonso (Osasun ministroa), Carlos Urquijo (Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria), eta PPko eta PSOEko hainbat kide, tartean.
Memoriala Espainiako Bankuak Arabako hiriburuan zuen egoitzan kokatuko denez, gaurkoa ez da inaugurazio bat izan; eraikinaren fatxadan kokatutako plaka agerian utzi besterik ez du egin Rajoyk. Une horretan, ekitaldiaren kontra protesta egiteko bertan bildutakoen oihuak ("Alde hemendik, utzi pakean", "lapurrak", "kanpora" bezalakoak bota dituzte) entzun behar izan ditu Espainiako presidenteak.
Gasteizen kokatuko den Memorialak ETAko biktimak izango ditu ardatz, baina GRAPOren, Terra Lliureren eta GALen biktimek ere lekua izango dute eta terrorismo jihadistaren biktimen aldeko beste egoitza bat izango du Madrilen.
"ETA garaitu dugu. Gobernu honek terrorismoaren kontra egin behar zen politika bakarra egin du, helburu jakina duen jarrera sendoa erakutsiz: taldearen behin betiko desegitea eta armagabetzea. ETAk bere jarduna eten du, baina orain desagertu egin behar da", nabarmendu du Rajoyk bere hitzaldian.
Espainiako presidentearen hitzetan, "gure herrian egon beharreko estatu-politikak batasuna eta jarraipena izan behar du ardatz, biktimak beti goratu behar dira eta horien justizia eta duintasun baloreak errespetatu behar dira".
Ekitaldia amaituta, Villasuso jauregira joan dira Rajoy eta Urkullu, Terrorismoaren Biktimen Fundazioak "Memoria eta Terrorismoaren Biktimak. Biktimaren begirada" izenpean antolatutako jardunaldiak inauguratzera.