Politika -
Iruña
Berruetaren senideek egia, aitortza eta erreparazioa eskatu dituzte
Angel Gogoan plataformak omenaldia antolatu du martxoaren 13rako Iruñeko Donibane auzoan, duela 11 urte polizia nazional batek tiroz hil zuen iruindarraren omenez.
Erredakzioa
Angel Berruetaren senideek eta lagunek egia, aitortza eta erreparazioa eskatu dituzte larunbat honetan Iruñan egin duten ekitaldian. Datorren martxoaren 13an (ostirala) 11 urte beteko dira polizia nazional batek tiroz hil zuela eta Angel Gogoan plataformak omenaldia deitu du ostiralerako, 19:00etan, Donibane auzoan.
Angel Gogoan plataformak familiak denbora guzti horretan erakutsitako "sendotasuna eta duintasuna" azpimarratu ditu.
Ohar batean, plataformak nabarmendu du hamaika urte daramatzala egia aitortzea eskatzen, "gertatu zena auzokideen arteko sesioa izan zela diotenen aurrean, aldez aurretik pentsatutako motibazio politikoko hilketa izan zela aldarrikatuz".
Bestalde, erakundeen eta Gobernuaren aitorpena eskatu du. Plataformak salatu duenez, "egiaren eta justiziaren defendatzailetzat jotzen den Gobernuak ez du hamaika urtean biktima gisa aitortu, Poliziaren arauzko arma batekin egindako hilketa bat izanda ere".
Azkenik, Berruetaren senideek hamaika urtean izan ez duten erreparazioa eskatu du plataformak. Horren esanetan, biktima guztiek bezala erreparazioa merezi du, baina batzuei ukatu egiten zaie. Halaber, iaz, Berruetaren hilketatik hamar urte bete zirenean, Iruñeko Udalak haren omenezko plaka kendu zuela gogoratu dute.