Politika -
Heziberri 2020 egitasmoa
Azterketa bat gainditu beharko dute EAEko ikasleek Batxilergoa egiteko
Ez du "errebalida" izena hartuko, LOMCEn agertzen den bezala, baina halabeharrezkoa izango da DBHko titulua lortzeko edota Batxilergoa egin ahal izateko.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek 16 urterekin erabaki ahal izango dute Lanbide Heziketa edo Batxilergoaren artean. LOMCEk, berriz, 14 urterekin behartzen zituen ikasleak erabaki bat hartzera.
Bestalde, DBHko 4. mailako ikasleek azterketa bat egin beharko dute ikasturtea amaitu eta gero. Ez du "errebalida" izena hartuko, LOMCEn agertzen den bezala, baina halabeharrezkoa izango da DBHko titulua lortzeko edota Batxilergoa egin ahal izateko.
Azterketa hori gainditzen ez dutenek ikastetxean bertan jarraitu ahalko dute beste urtebetez, titulua lortzeko ikastaro bereziak egiten, baina ikasturtea errepikatu barik. LOMCEk hezkuntza ziklo bakoitzaren (Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa) amaieran ezartzen ditu errebalidak.
Nolanahi ere, ikastetxeek hizkuntza proiektu propioak garatu ahalko dituzte.
Erlijioa nahitaez eskaini beharko dute zentroek, baina hautazko ikasgai gisa. Alternatiba balioei buruzko ikasgai bat izango da. Biek ala biek eragina izango dute batez besteko notan.
Azkenik, Heziberrik autonomia handiagoa emango die ikastetxeei, eta Eskola Kontseiluakmantendu egingo ditu eskuduntza propioak, LOMCEk aurkakoa ezartzen badu ere.
DBHn zientzia eta nazioarteko hizkuntzei ordu gehiago emango dizkiete, eta erlijioari, berriz, % 33 gutxiago eskainiko diete, bai lehen hezkuntzan eta baita bigarrenean ere.
Gasteizen egindako agerraldian, hezkuntza eragileekin eta sozialekin egindako bilera eta gero, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak esan du Heziberri programak “hezkuntza sistemaren onerako” jarriko dutela martxan. “LOMCEk ekar ditzakeen balizko emaitza txarrak saihesteko ere balio izango du”, Uriarteren hitzetan.
Proposamenak ez du “orain arte egindako lana eteten” eta, sailburuaren esanetan, “irekia eta malgua da”.
Heziberriren berrikuntzak
Uriartek nabarmendu duenez, Batxilergoaren eta Lanbide Heziketaren arteko hautua 16 urterekin egin ahalko du "nahi duen orok", eta ez, Espainiako Legeak aurreikusitako adinean (14 urte). Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) errebalida "martxan jarriko balitz", gainditzen ez duten ikasleentzako kurtso berezi bat aurreikusi du Hezkuntza Sailak.
Natur Zientziak, Teknologia, Heziketa Fisikoa eta Heziketa Artistikoa (Plastika eta Musika) irakasgaien ordu kopurua "nabarmen" handituko dute DBHn. Erlijioari eskainitako ordu kopurua, bestalde, % 33 jaitsiko dute Lehen Hezkuntzan.
Ikastetxeek zikloak antolatzeko askatasuna edukiko dute. Hala, egun daudenei eutsi ahalko diete (bi urteko zikloak) edo hiru urteko bina ziklo ezarri. Ordutegia zein den zehazteko aukera ere izango dute eskolek, betiere gutxieneko ordu kopurua errespetatuta. Lehen aldiz, irakasleagoaren profil profesionala ezarriko da, eskola bakoitzak duen "plan pedagogikoaren arabera" zehaztuko dena.
Diagnosia egiteko ebaluazioei dagokionez, aurten "programa-pilotu" bat jarriko dute martxan 30 ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 60 ikasgelatan. "Etorkizunean, ebaluazio hauek hirugarren eta seigarren mailan egingo ditugu. Ebaluazio horiek ez dira inondik inora LOMCE legeak jasotzen dituen errebalidak", azpimarratu du Hezkuntza sailburuak.
Eragileen lankidetza
Hezkuntza sailburuak "nahastutako eragile guztien" lankidetza nabarmendu du. Azaldu duenez, azken testuari 878 ekarpen dizkiote "lan-ordu eta bilera-ordu askoren ondoren". "Guztion artean lan ona egin dugu, gure hezkuntza sistemaren mesedetan", adierazi du.
Hala ere, ekarpen guztiak ez dituztela azken testuan jaso azpimarratu du; kasu batzuetan, "curriculum bat osatzen duten elementuen parte ez direlako"; beste kasu batzuetan; legedia propioa duten proposamenak direlako edo "horien gauzatzea etorkizuneko Hezkuntza Legean jaso beharko litzatekeelako".
ELA eta STEE-EILAS sindikatuek ez dute sailburuaren eta sindikatuen arteko bileran parte hartu, Heziberrik LOMCEri atea irekitzen diola argudiatuta. LAB sindikatua bat dator curriculum berriak LOMCEk jasotzen dituen kontrol neurri batzuk bere baitan hartzen dituela esaterakoan, eta hezkuntzan ere burujabetzaren bidea hartzea proposatzen du. CCOOk ere baztertu egin du proiektua.