Politika -

Trebiñu

Batzar Nagusiek Arabako lurraldetzat joko dute Trebiñu

Foru Parlamentuak Santa Katalinako bilkura tradizionala egin du; bertan, alderdiek Kongresuaren arbuioarekin ados ez daudela adierazi dute.

Trebiñuko kale bat. Argazkia: EFE.
Trebiñuko kale bat. Argazkia: EFE.
Trebiñuko kale bat. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Batzar Nagusiek Trebiñu Arabako lurraldetzat jotzeko konpromisoa hartu dute igande honetan, lurraldeko zortzigarren koadrila izango balitz bezala. Halaber, Diputatuen Kongresuaren jarrera arbuiatu dute; izan ere, Kongresuak errefusatu zuen Legebiltzarraren lege proposamena tramitera onartzea, Arabak Trebiñu anexionatzeko lege proposamena.

Foru Parlamentuak Santa Katalinako bilkura tradizionala egin du; bertan, alderdiek EAJren Trebiñuren gaineko mozio bat eztabaidatu dute eta taldeek adostutako testu bat onartu dute. Arabako Foru Aldundia gobernatzen duen PP izan da aurkako botoa eman duen alderdi bakarra.

Hortaz, Arabako Batzar Nagusiek, "beste behin" aldarrikatu dute Trebiñu "Araba izateko erabaki instituzionala" hartu dutela; halaber, Javier de Andres ahaldun nagusiari "laguntzarik ez ematea" egotzi diote, Trebiñuren auziari irtenbidea emateko ahaleginean.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EBk sinatutako testuan eskaera bat luzatu diote Arabako foru gobernuari: Burgoseko Diputazioari eta Gaztela eta Leongo Corteei konderria Arabaren zatia izateko Batzar Nagusiek hartutako erabakia jakinaraztea.

Diputatuen Kongresuak errefusatu zuenetik, astebete

Eztabaida Diputatuen Kongresuak Legebiltzarrak aurkeztutako lege proposamena errefusatu zuenetik astebetera egin dute. PPk eta PSOEk aurkako botoa eman zuten. Lurralde mugak aldatzea proposatzen zuen lege proposamen horrek.

Ramiro Gonzalez EAJk foru parlamentuan duan bozeramaileak gogorarazi du bera Madrileko eztabaida horretan egon zela, eta "etsipena" eta "tristura" sentitu zituela esan zuen, Arabako Ahaldun Nagusia bertan ez baitzen egon; Arabako interesen alde ez egitea leporatu dio. PPko Ana Moralesek, bere aldetik, esan du Trebiñu "izaera arabarra" duela, eta bere alderdiak trebiñuarrak arabarrak izatea nahi duela; dena den, adierazi du Kongresura eramandako ekimena ez zela benetako irtenbidea. Izan ere, autonomia erkidego batzuek beste batzuen estatutuetan aldaketak behartzeko aukera ematen zuen, bere iritziz. Moralesek esan du ez dagoela erabat ados Madrileko bere alderdikideekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Araba Gaurko titularrak Albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak