Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJk eta PSEk Memoriaren Institutua sortzea onartu dute
EH Bildu abstenitu egin da eta PPk eta UPyDk, berriz, kontra bozkatu dute.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Memoriaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutua onartu du gaur, Institutua bultzatu zuten bi alderdien, EAJren eta PSE-EEren, babesarekin soilik.
Gaurko osoko bilkuran egindako bozketan EH Bildu abstenitu egin da eta UPyDk eta PPk, berriz, kontra bozkatu dute. EH Bilduren esanetan, lehen mailako biktimen, hots, ETAren biktimen, eta gainerakoen artean aldeak ezartzen dira. PPk eta UPyDk, bestalde, indarkeriak eta biktimak parekatzea eta nahastea kritikatu dute.
Memoriaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eginkizuna Euskal Autonomia Erkidegoan bake eta elkarbizitza gaietan egiten diren politikak koordinatzea izango da, "terrorismoa, indarkeria edo giza eskubideen urraketa legitimatzen duen historia bat berridaztea saihesteko".
Legearen arabera, euskal gizarteak azken mendean, gutxienez, indarkeriak markatutako lau esperientzia "traumatiko" pairatu ditu: Espainiako Gerra Zibila, Francoren diktadura, ETAren terrorismoa eta "kontraterrorismo" bidegabeak.
Institutua Eusko Jaurlaritzaren menpeko organoa izango da eta bere oinarrizko funtzioa memoriaren "balore demokratiko eta etikoak kontserbatu, ikertu, hedatu eta heziketa kudeatzea izango da".
Memoria "ezin da gertaerak parekatzeko erabili, ezta inor baztertzeko ere", legearen arabera.