Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Turull: ‘Mas auzitara eraman ala ez, berdin zaigu’

Rajoyk Moncloan egindako agerraldia “bakarrizketa” izan dela kritikatu du CiUko bozeramaileak. Bestalde, “eskuzabaltasuna eta zorroztasuna” eskatu die Turullek kontsultaren aldeko alderdiei.

Jordi Turull CiUko bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
Jordi Turull CiUko bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
Jordi Turull CiUko bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB

Eriz Lotina | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidentearen aurka egin dezake Fiskaltzak datozen egunetan. Jordi Turull CiUko bozeramaileak zorrotz hitz egin du aukera horren inguruan: “Egia esateko, Mas auzitara eraman ala ez, berdin zaigu”.

“Estatua prozesua nola kudeatzen ari den beste adibide bat izango litzateke”, esan du Radio Euskadi irratiko ‘Ganbara’ saioan. “Berdin zaigu, deskonektatu egin dugu”, adierazi du. Mas zigortua izateko aukeraz galdetu diote Turulli. “Hautetsontzi bat jartzeagatik zigotzea ikaragarria izango litzateke, beldurraren diskurtsoaren parte da hori, barregarri geratzen ari dira”, esan du.

Prozesuaren aldeko alderdiak eta Generalitatea Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidentearekin hitz egiten eta negoziatzen saiatu direla azaldu du Turullek: “Saiatu gara, baina oso eszeptikoak ginen”.

Rajoyk Moncloan asteazken honetan egindako agerraldia “bakarrizketa” izan dela kritikatu du Turullek. “Hitz egiteko prest egongo gara beti, baina gu ez gara geldirik geratuko”, ohartarazi du. “Prozesua aurrera doa, ez dago atzera egiterik, aurrera egiten jarraitu behar dugu”, erantsi du.

Bestalde, ERCk asteazken honetan aurkeztutako bide orria baloratu du CiUko bozeramaileak: “ERCren proposamena guztiz legitimoa da”. Hala ere, “guk ere gure bidaia orria aurkeztuko dugu”, gaineratu du.

“Geldiezinak”

Horren harian, “indarrak batu eta guztiak batera aurrera egiteak efektu biderkatzaileak ditu; batasunak prozesuari mesede egingo dio”, azaldu du Turullek. Horrela, “zorroztasuna, garrantzia, zuhurtasuna, eskuzabaltasuna, ausardia eta seriotasuna” eskatu die kontsultaren aldeko alderdiei, “geldiezinak egiten gaituelako”.

Aldebakarreko independentzia aldarrikapen batek Kataluniako herriaren “agindu demokratiko eta espezifikoa” izan beharko duela azpimarratu du CiUko ordezkariak. “Hauteskundeetako izaera plebiszitarioa argi utzi behar da, nazioarteak ere emaitzak onartzeko”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kataluniaren independentzia Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Artur Mas Kataluniako prozesua zuzenean