Politika -

Kataluniako galdeketa

Generalitatea: 'Ezin dugu ziurtatu A9an boto kutxak izango direla'

Espainiako Gobernuak helegitea jarri arren, Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko prestaketa lanekin jarraituko duela adierazi du Generalitateko presidenteordeak.

Joana Ortega Generalitateko presidenteordea. Artxiboko irudia: EFE
Joana Ortega Generalitateko presidenteordea. Artxiboko irudia: EFE
Joana Ortega Generalitateko presidenteordea. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak gaur adierazi du ezin dela % 100ean ziurtatu azaroaren 9an boto kutxak eta hauteslekuak irekita izango direla.

"Alderdi Popularrak katarsi bat izan du, eta egun gutxitan (parte-hartze) prozesu hau barregarri uztetik eta gutxiestetik, beldurtzera, eta inpugnatzera pasatu da. Beldurra gorputzean sartu nahi dute, hori baita beraien erreminta", adierazi du El Punt Avui hedabideari eskainitako elkarrizketa batean. Espainiako Gobernuak helegitea jarri arren, Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko prestaketa lanekin jarraituko duela esan du. "Dena prest egongo da eta hilaren 9an, modu batera edo bestera, espero dut hautestontzien bidez, katalanek beren borondatea adieraziko dute", nabarmendu du.

Ohartarazi duenez, ezin da % 100ean ziurtatu azaroaren 9an hautestontziak eta hauteslekuak irekita egongo direla. Dena den, hori horrela izan dadin lanean ari direla adierazi du, eta erabaki bat hartu behar izatekotan, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionala deituko dutela nabarmendu du "elkarrekin hartzkeo". Ortegak azpimarratu duenez, "ez da legerik urratu, ez delako legez kanpoko ezer egin", eta azaroaren 9an parte-hartzea posible izango denaren itxaropena agertu du.

Espainiako Gobernuak hauteslekuen irekiera debekatzea posible ikusten duen galdetuta, Generalitateko presidenteordeak honakoa adierazi du: "Ez dut uste horrelako hanka-sartzerik egingo duenik".

Bestalde, ukatu egin du hauteskundeak aurreratzea Kataluniarentzat aukera onena denik: "Hauteskundeetako egutegiarekin lan egin behar dugu. Ona da legegintzaldiak amaitzea". Halaber, zerrenda bateratua osatzea "zaila" ikusten du, alderdien aniztasun ideologikoa kontuan hartuta.

Azkenik, alde bakarreko independentzia aldarrikatzeko aukeraz galdetuta, "herrialdeak bizi duenaren erantzuna" ez dela azpimarratu du, eta negoziazio prozesu bat defendatu du.

CDC: 'Prozesuaren agintea herritarren esku dago'

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Gobernuari Azaroaren 9ko galdeketa alternatiboa prestatzeari uzteko eskatzen badio ere, une honetan "prozesuaren agintea herritarren esku dago", Josep Rull CDCko idazkari nagusiak ohartarazi duenez.

"Dagoeneko dena prest dago. Boluntarioa prest daude, hauteslekuak ere bai, eta boto-txartelak etxetik eraman ditzakete herritarrek. Dena prest dago", azpimarratu du. Gainera, galdeketa Generalitatearena baino, Kataluniako herritarrena dela nabarmendu du.

ERCk independentziaren kontrakoak ere bozkatzera deitu ditu

Alfred Bosch ERCk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak azaroaren 9ko kontsulta alternatiboan parte hartzera deitu ditu Kataluniaren independentziaren kontrakoak ere. "Azaroaren 9ko galdeketa hiritar eta demokrata guztiei zabalik dago, eta bereziki bozkatzera deitu nahi ditugu ezezkoa edota bai-ez bozkatu nahi dutenak, hautestontziak beraientzat ere badirelako", gaineratu du.

Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa debekatzen badu, ERCk Kataluniako herriari obedituko diola ohartarazi du. Horren iritziz, azaroaren 9an bozkatzeko nahia aldarrikatu du Kataluniako herriak.

ANC: "Gizarte zibilak ez du galdeketaren antolakuntza bere gain hartu behar"

Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa debekatzen badu ere, gizarte zibilak ez du horren antolakuntza bere gain hartu behar Carme Forcadell Kataluniako Asanblada Nazionaleko (ANC) presidentearen arabera, eta ardura hori Kataluniako Gobernuari dagokiola gaineratu du.

"Galdeketa hau Kataluniako Gobernuak deitu behar du. Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionalak eta eragile sozial guztiok gure babesa emango diogu, elkarrekin emango dugu pausoa, baina Gobernuak ere urratsa egin behar du", adierazi du Forcadellek Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika albisteak Kataluniaren independentzia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Generalitatea