Politika -
Kataluniako kontsulta
Generalitateak ez du baztertzen nazioarteko epaitegietara jotzea
Francesc Homsek adierazi du Generalitateak ez duela ‘’atzerapausorik’’ emango A9aren inguruan.
Erredakzioa
Kataluniako Generalitateak ez du baztertzen nazioarteko epaitegietara jotzea Espainiako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketaren aurka jarritako inpugnazioa bertan behera uzteko eskatzeko. Francesc Homs Presidentziako kontseilariak adierazi du aurrez Espainiako epaitegietako bidea agortuko dutela. Catalunya Radiori elkarrizketa eskaini dio gaur Homsek. “Kataluniako exekutiboak ez du atzerapausorik emango A9ko galdeketan, ezin baitaiteke gelditu”, esan du. “Ezin daiteke beraiek egiten dutena egin. Behin eta berriro Legera jotzen dute, eta ondoren, komeni denaren arabera erabili. Hau argitu egin behar da, nazioarteko epaitegietara jo aurretik eman beharreko pausoa baita”, azpimarratu du. “Ez dugu baztertzen behar den lekuan aritzea. Lehenik, Espainiako estatura joko dugu”, azpimarratu du.
Ez du azalpen gehiago eman nahi izan, eta datorren asteko astelehena eta asteartea bitartean Generalitateak aurrera eramango dituen ekintza legalen inguruko argibideak emango dituztela iragarri du.
Espainiako Gobernua “jendea beldurtzeko asmoz, zalantza sortzeko kanpaina” egiten ari dela salatu du Homsek. “Modu baketsuan, demokratikoan euren iritzia nahi dutenek ez dute beldurrik izan behar. XXI. mendean gaude eta ez dugu ezeren beldur izan behar, beldur izateko arrazoi objektiborik ez dago, guztiz aurkakoa baizik”, esan du.
Presidentziako kontseilariaren aburuz, Espainiako Gobernua Alderdi Popularra astindu duten ustelkeria kasuak ezkutatzeko erabiltzen ari da galdeketa.