Politika -
Auzitegiak
Estrasburgok Espainia zigortu du bi tortura kasu ez ikertzeagatik
Beatriz Etxeberria eta Oihan Unai Ataun atxilotuek salatutako torturak ez ikertzeagatik 29.000 eta 24.000 euro ordaintzera zigortu du Espainia.
Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du, Beatriz Etxeberria eta Oihan Unai Ataun atxilotuek bakarraldian salatutako tortura kasuak ez ikertzeagatik, gaur kaleratutako epai batean ageri denez.
Beatriz Etxeberria 2011n atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETAren kontrako operazio batean. Ataun 2008ko azaroan atxilotu zuen Polizia Nazionalak, Segiko kide izatea egotzita. Inkomunikatuta izan zuten aldian tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituztela salatu zituzten biek Espainiako epaitegietan. Salaketok aurrera egin ez zutenez, Europara jo zuten. Estrasburgok gaur eman du epaiaren berri.
Espainiako Gobernuak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 3. artikulua urratu duela uste du Auzitegiak; hau da, tortura salaketak egoki ez ikertzea egotzi dio. Hala, Etxeberriari eragindako kalte moralengatik 25.000 euroko kalte-ordaina eta 4.000 euroko ordainsaria eman beharko dizkio Espainiak, eta Atauni, 20.000 eta 4.000, kontzeptu berengatik.
Europako Kontseiluaren Tortura Prebenitzeko Batzordeak emandako neurriak hartzearen garrantzia gogorarazi diote epaileek Espainiako Estatuari, besteak beste, auzitegiko medikuaren txostena hobetzea eta zaintza egokia egitea, "gehiegikeriak saihestu eta atxilotutakoen osotasun fisikoa bermatzeko".
Bi atxilotuek salatutako torturak aztertzeko "nahikoa froga" ez duela ohartarazi du Estrasburgok.