Politika -
Aurreproiektua
Udal Legea adosteko 'bitartekari lana' egin nahi du Gipuzkoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du helegiterik jarriko Udal Legearen aurreproiektuaren aurka. “Norabide horretan doan Lege bat beharrezkoa dela uste dugu”, gaineratu du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren eta Udalen artean “bitartekari” lana egiteko bere burua eskaini du gaur Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, “beharrizanekin bat” datorren Udal Lege bat adosteko. Ugarteren hitzetan, Jaurlaritzak aurkeztutako aurreproiektuak “gabezia larriak ditu”.
Onda Vascari eskainitako elkarrizketa, Ugartek berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela helegiterik jarriko Jaurlaritzaren aurreproiektuaren aurka. “Norabide horretan doan Lege bat beharrezkoa dela uste dugu”, gaineratu du.
Hala ere, Legearen zenbait punturekin ados ez dagoela azpimarratu du Ugartek: Eudelek ez dituela Gipuzkoako Udal gehienak ordezkatzen gogoratu du, elkarte horretatik kanpo baitaude.
“Eudeleko zuzendaritzak ez dituela ordezkatzen iritzi diote Udal horiek. Horrenbestez, Lege hau organismo eta udal ezberdinekin kontrastatu behar dugu. Ekainean informazio publiko gisa aurkeztu zuten, baina ez dugu hitz egin, Jaurlaritzaren aldetik ez da solasaldirik izan Eudelen ez dauden Udalekin, eta Udal horietatik gehienak gipuzkoarrak dira”, azaldu du.
Horren harian, Legea egin eta eztabaidatzerako orduan “gabezia larriak” daudela berretsi du Larraitz Ugartek. “Horregatik, Jaurlaritzaren eta Udalen artean bitartekari lanak egiteko gure burua eskaintzea erabaki dugu, denon artean gure beharrizanen araberako Legea adosteko, bikoiztasunak ezabatzeko eta erakunde bakoitzaren eskumenak zeintzuk diren argi uzteko”, esan du.
Urkulluren Gobernuak “ahalegin berezia” egin beharko duela esan du Gipuzkoako bozeramaileak, “udal guzti horiekin hitz egiteko”.