Politika -
Aurreproiektua
Gipuzkoako Diputazioak ez dio Udal Legeari alegaziorik aurkeztuko
Halaber, inplikatutako erakunde guztien artean "elkarrizketa eremu" bat eratzeko nahia agertu du.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dio Udal Legearen aurreproiektuari alegaziorik aurkeztuko, Diputazioak ohar bidez jakinarazi duenez. Halaber, inplikatutako erakunde guztien artean "elkarrizketa eremu" bat eratzeko borondatea agertu du.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udal erakundeen autonomia arautuko duen lege baten beharra berretsi du, izan ere, "35 urteren ostean ez dago horrelako araurik".
Finantziazio eredu propio baten faltan, Udalak Diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren menpe daude herritarrei "oinarrizko zerbitzuak" eskaintzeko, Gipuzkoako Diputazioaren arabera.
Udal Legearen zirriborroaren gainean lanketa egiteko taldeak sortu zirenetik, Gipuzkoako udalerri guztien parte-hartzea bermatzea eskatu du "behin eta berriz". "Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez dio eskari horri erantzun", adierazi du.
Bestalde, salatu duenez Eudel da lan taldeetan eta Udal Legearen aurreproiektuan ordezkaritza duen udal erakunde bakarra. Hori dela eta, "Gipuzkoako udalerri gehienek ez dute beren ekarpenak egiteko aukerarik izan".
Hala ere, Udal Legea "beharrezkoa" dela kontuan izan da elkarrizketa tarteak irekitzeko prest agertu da Gipuzkoako Diputazioa.