Politika -
ETAko presoak
Frantziak ez duela espetxe politika aldatu dio Barne ministroak
Jorge Fernandez Diaz ministroak adierazi du gertaera horren beste edozein interpretazio "guztiz faltsua eta okerra" dela.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du Frantziak ETAko bi preso gerturatu izanak ez duela espetxe-politikan "inongo" aldaketarik ekarri, eta agintari frantsesek halaxe adierazi diotela.
"Erabat ukatzen dut Frantziako espetxe politikan aldaketak egon izana", azaldu du ministroak, ETAko bi presoen gerturatzeagatik galdetuta.
"Frantzia Espainiarekin lotuta dago, orokorrean, terrorismoaren aurkako politikan; bereziki, espetxe politikan", zehaztu du hedabideen aurrean El Escorialgo San Lorenzon, Konplutense Unibertsitateko Udako Ikastaroetan.
Horren harira, Fernandez Diazek adierazi du "gertaera horren beste edozein interpretazio errealitatearekiko guztiz faltsua eta okerra" dela, nazioarteko bitartekarien esku hartzeak "nolabaiteko aldaketa eta presoen gerturatzea" ekarriko zuela uste baldin bazen.
Gerturatzeen inguruan, Barne ministroak azaldu du herrialde bakoitzak bere legeak betetzen dituela eta bi presoen gerturatzea Frantziako administrazioaren erabakia dela.
Presoen estrategian aldaketak ote dauden galdetuta, Fernandez Diazek irmoki zehaztu du Gobernuak bere agenda propioa duela: "Zuzenbide Estatu baten agenda".
"Inork ez dezala Gobernua ETAren, EPPKren edo ezker abertzalearen agenden atzetik ibiltzea espero ", zehaztu du, eta onurak lortzeko legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten presoekin legearen arabera jokatuko dutela adierazi du. "Legea betetzen badute, bete egiten dute. Gainontzekoa soberan dago", gehitu du.
Biktimek 'justizia' eskatzen dute
Barne ministroak esan du "Zuzenbide Estatuak ETAren aurka" jarraituko duela "taldea desegin arte", terrorismoaren biktimek eskatzen duten moduan. Azken horiek "justizia, ez mendekua" nahi dutela adierazi du.
Fernandez Diazek gogorarazi du Estatuko segurtasun indarrek argitu gabeko kasuak ikertzen jarraitzen dutela. "Zigorgabetasunari aurre egiteko modu bakarra ETAren amaierara arte espetxe politika honekin jarraitzea da", azpimarratu du.
"Kontaketaren borroka gainditzeko oso argiak izan behar dugu, eta gazteen hezkuntzak benetan gertatu zena izan behar du oinarri gisa: horrela eraiki behar da kontakizuna", azaldu du ministroak.