Politika -
Noos auzia
BJKNko sei kidek Noos kasuko fiskalaren aurka egiteko eskatu dute
Jose Castro epaileak Cristina infanta "susmo hutsengatik" inputatu duela adierazi zuen Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak.
Erredakzioa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko sei kide progresistak Pedro Horrach Nóos kasuko fiskalaren aurkako neurriak hartzeko eskatu dute, Castro epaileak Cristina infanta inputatu ostean jarritako helegitean egindako akusazioengatik.
Botere Judizialaren batzorde iraunkorrak bihar 17:00etan egingo duen bileran erabakiko du zer egin, erakundeko iturriek adierazi dutenez.
Kontseiluko kideek BJKNri eskatu diote "beharrezko errespetua eta zintzotasun instituzionala" mantendu behar dutela bi aldeek, eta "epaile eta magistratuen lan judiziala" ezin dutela "gutxietsi".
Roser Bach, Victoria Cinto, Clara Martinez de Careaga, Rafael Mozo, Concepcion Saez eta Pilar Sepulveda dira idazkia sinatu duten kideak, eta fiskalak Castro epaileari jarritako helegitean egindako akusazioengatik "kezkatuta" agertu dira.
Ostegunean, Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak adierazi zuen Noos kasuko epaileak "susmo hutsengatik" mantendu zuela Espainiako Erregearen arrebaren inputazioa. Gainera, "hedabideen eraginagatik kutsadura judiziala" jasan zuela esan zuen, eta errugabea zela erakusten zuten frogak albo batera utzi zituela.
Fiskalaren arabera, epaileak "sendotasun itxura faltsu baten azpian" eraiki du infanta inputatzeko hezurdura guztia, eta "brisa leun batek" eraitsiko luke, "baliorik ez duten" hiru oinarri baititu: Aizooneko kide izatea, Iñaki Urdangarinen emaztea izatea eta % 50ean berea den enpresa baten diruarekin gastu pertsonalak ordaintzea.
Castro epaileak kazetariei adierazi dienez, fiskalak "prebarikazioagatik kereila bat" jarri beharko luke bere aurka, delitua egin duela uste badu, Cristina infantaren inputazioaren aurka jarritako helegitean erakusten duen moduan.