Politika -
Udal Legea
EAEko udalek Estatukoek baino autonomia handiagoa izango dute
EAEko udalen eskumena izango diren arloen "zerrenda zehatz" bat jaso du Udal Lege aurreproiektuaren zirriborroak, eta horrek "autonomia handiagoa" emango die.
Erredakzioa
EAEko udalen eskumena izango diren arloen "zerrenda zehatz" bat jaso du Udal Lege aurreproiektuaren zirriborroak. Horrela, EAEko udalek Espainiakoek baino "autonomia handiagoa" izango dute.
Josu Erkoreka Administrazio Publikoko sailburuak agerraldia egin du gaur Euskadiko Udal Kontseilua bildu eta gero. Eragileek zirriborroa aztertu dute bileran. Eudelek eta aldundiek parte hartu dute.
Aurreproiektua idatzi ahal izateko "lankidetza leiala" eta "erantzukizun instituzionala" goraipatu ditu Erkorekak. Legearen alegazio fasea datorren asteartean, uztailaren 1ean, hasiko da. Bestalde, araua eztabaidatzeko aurreproiektua Eusko Legebiltzarrera urrian heltzea espero dute.
Espainiako Gobernuak aurrera atera zuen Udal Legeak eskumenen murrizketa bat suposatzen zuen, baina EAEko testuarekin egoerari "buelta emango" diotela azpimarratu du sailburuak. Estatuko araudiak "klausula bereziak" ditu. Horrela, Estatuko gainerako udalei "ukatzen zaizkien eskumenak, EAEko udalei aitortuko zaizkie", azaldu du.
Eudel
Udal Kontseilua amaitu eta gero, Ibone Bengoetxea Eudeleko presidenteak adierazpenak egin ditu. Zirriborroa osatzeko lanean parte hartu ahal izateagatik pozik agertu da. "Posibilistak" izateko eskatu die Bengoetxeak Legebiltzarreko alderdiei, "behingoz Udal lege bat izateko".
Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak
Garbiñe Errekondo Gipuzkoako Funtzio Publikoko diputatuaren ahotan, zirriborroan "udalen autonomia errespetatzen dela ematen du, horregatik, aintzat hartu dugu eta errespetu handia diogu". Hala ere, Gipuzkoako Aldundiak "azterketa sakona" egingo duela ohartarazi du, "zalantza batzuk ditugulako".
Unai Rementeria Bizkaiko Aldundiaren Presidentetza diputatuak nabarmendu duenez, "Udal Lege eta marko propioak izateko une historikoa da, Euskadik finantziazio desberdina duen bezala".