Politika -
Iruñea
'America 66' erakusketako ikur frankistak kendu dituzte
Erakusketaren kontrako taldeek 25.000 sinadura bildu ostean, eta erakusketa inauguratzeko ordu batzuk besterik geratzen ez direnean, hartu dute erabakia.
Erredakzioa
Iruñeko Ziudadelan polemika handia eragin duen erakusketa zabalduko du gaur Espainiako Defentsa Ministerioak: Espainiako Armadaren 'America 66' erregimentuari buruzko erakusketa.
Gerra Zibilean hainbat pertsona fusilatu eta bortxatu izana leporatzen zaio erregimentu horri; horregatik, erakusketa bertan behera uzteko eskatu dute Nafarroako hainbat alderdi politiko eta gizarte-eragilek, frankismoaren biktimak iraintzen dituela iritzita eta Memoria Historikoaren Legea urratu dezakeelakoan.
18:30ean zabalduko dute "America 66" erakusketa, eta frankismo garaian hainbat gehiegikeria egin zituen erregimentuaren omenezko erakusketak ez duela Memoria Historikoaren legea urratzen eta ez dela biktimentzako iraingarria esan zuen atzo Javier Morras Barne kontseilariak Parlamentuan.
Sinadura bilketa
Erakusketa iraingarria dela eta, bertan behera uzteko eskatu dute Iruñeko udalbatzaren gehiengoak, Arartekoak eta change.org plataformaren bidez 24.000 sinadura bildu dituzten frankismoko krimenen kontrako taldeek.
Sinadura horiek gaur eraman dituzte Iruñeko udal erregistrora, eta arratsaldeko bostetan protesta bilkura deitu dute.
Ikur frankistak kendu dituzte
Arartekoari sinadurak aurkeztu eta gero ere, erakusketak aurrera jarraituko du eta inauguratu egingo da Ziudadelan, baina Maru Mangado erakusketaren kontrako ekimenaren sustatzaileetako batek jakinarazi duenez, errejimenduaren ezkutuko ikur frankistak kendu dituzte dagoeneko, eta "badirudi errespetatu egingo dutela" Memoria Historikoaren Legea.
Mangadok azaldu duenez, sinadura bilketaren helburua erakusketak "Memoria Historikoaren legea errespetatzea" zen. Hori dela eta, gustura agertu da, "presio sozialak fruitua" eman baitu.
Mangadok espero du erakusketa osoan jokatzea berdin, eta ikur frankista guztiak kentzea, edo Gerra Zibileko eta diktadura garaiko errepresioa "garai beltz" gisa aurkeztea.
Bestalde, memoriaren aldeko ekintzaileak jakinarazi duenez, erakusketa behin behinean bertan behera geratzeko eskatu dute, "legea urratzen" duelako.
"Hanka barruraino sartu dutela ohartu dira", gaineratu du.
Barcina: "Historia kontatu behar da"
'America 66' erregimentua foru erkidegoko historiaren "parte" dela adierazi du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak. Horregatik, kontatu behar dela uste du. "Historia kontatu behar da", esan du Barcinak.
Erregimentuaren 250 urteak "kontatu behar" dira, Barcinaren hitzetan, baina "demokrazian egin diren lege guztiak betez". "Erakusketa legeak betez egin behar da", azpimarratu du.