Politika -
Leon
Ibaia miatzen ari dira Carrasco hiltzeko erabili zuten armaren bila
Bestalde, instrukzio-epaileak sekretupeko sumarioa ezarri du, "ikerketa ez oztopatzeko". Atxilotuek Poliziaren esku jarraitzen dute, eta ez dute espero gaur epailearengana eramatea.
Erredakzioa
Polizia Nazionalek atzo Isabel Carrasco Leongo Diputatua tirokatu zuten pasalekua hesitu du, eta datozen minututan Bernesga ibaian tiroketan erabilitako armaren bilaketari ekitea espero da.
Agenteek, hortaz, pasalekua itxi behar izan dute berriro, jende asko hurbildu baita begiratzera.
Goiz osoan, dozenaka poliziak ibaiaren bi aldeak arakatu dituzte, presidentea hiltzeko erabili zuten arma topatzeko asmoz, baina momentuz ez dute topatu, hori dela eta, ibaian bilatuko dutela espero da. Izan ere, ohikoa baino ur gutxiago daroa ibaiak, presagaina itxi dutelako.
Bi atxilotuetako bat San Andres del Rabanedo probintzia horretako hirugarren udalerririk handieneko Polizia-etxera eraman dute, Leondik oso gertu, eta besteak hiriburuan jarraitzen du.
Sekretupeko sumarioa
Leongo 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak, Isabel Carrascoren auzia ikertzen ari den epaileak, sekretupeko sumarioa ezarri du, "ikerketa ez oztopatzearren", Gaztela Leongo Auzitegi Gorenetik jakinarazi dutenez.
Aipatu iturrien arabera, Isabel Carrasco "shock batek jota" hil da eta "su-arma batez egindako eraso batek nerbioen zentroak suntsitzeagatik", behin behineko autopsiak dioenez.
Gainera, epailearen arabera, datu zehatzagoak izateko "denbora gehiago" beharko dute, eta ondorengo egunetan ezagutaraziko dira, behin-betiko emaitzak dituztenean.
Momentuz, Carrascoren hilketagatik atxilotutako bi emakumezkoek Polizia-etxean jararitzen dute, eta momentuz, ez dute jakinarazi noiz eramango dituzten epailearengana, baina ez dute espero gaur halakorik gertatzea.
Hil-kapera
Hara bertaratutako politikari asko Los Guzmanes Jauregiko -Diputazioaren egoitza- atarian elkartu dira minutu bateko isilunea egiteko, eta horren ostean txalo zaparrada egin dute agintariek eta inguratu zaizkien hiritarrek.
Rajoyk Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia alde batean, eta Marcos Martinez Diputazioaren presidenteordea izan du bestean.
Gainera, Juan Vicente Herrera Gaztela Leongo Batzordeko presidentea, Alberto Nuñez Feijoo Galiziakoa eta Emilio Gutierrez Lengo alkatea ere izan dira, besteak beste.
Gobernuko presidenteak eta gainerako agintariek Leongo katedralean gaur 18:00etan egitekoa den hileta-elizkizunera joateko asmoa agertu dute.
Isilunea bukatutakoan, Rajoy eraikinean sartu da, hil-kaperan bisita egiteko eta bertan zeuden Isabel Carrascoren senideei dolumina adierazteko.
Jauregiaren barruan Oscar Lopez PSOEren Organizazio idazkaria ere izan da.
Telebista debatea
Miguel Arias Cañete eta Elena Valenciano PPko eta PSOEko hautagai nagusien arteko debatea atzeratu egin dute eta, azkenik, maiatzaren 15ean, osteguna, egingo dute, bi alderdietatik informatu dutenez.
Oscar Lopez PSOEren hauteskunde kanpainaren koordinatzaileak RTVEri esan dio, bere ustean, Miguel Arias Cañete eta Elena Valencianoren arteko debatea ezin dela gaur egin, Carrascoren hilketak eragindako harriduragatik.
Sozialisten arabera, Lopezek RTVEri eta Telebistaren Akademiari data berri bat jartzeko eskatu die, debatea egiteko.
Bestalde, gaur goizean, PPk jakinarazi du gaur gauean debatea egiteko asmoa duela, bere iritzian, "ekitaldi informatiboa da, ez mitin bat egitea bezala". Azkenik, debatea atzeratu egin da.