Politika -

EAE-KO JUSTIZIA AUZITEGIA

Hasier Arraizen aurkako salaketa artxibatzea erabaki du epaileak

Azaroan Bilbon egindako omenaldi batean esandakoengatik auzipetu zuten Arraiz. Erabakia "albiste ona" dela esan du Sortuk.

Hasier Arraiz
Hasier Arraiz
Auzitegi Nagusiak artxibatu du Hasier Arraizen kontra abiatu zuen auzia

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortuko presidentearen aurka irekitako auzia artxibatzea erabaki du gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko epaileak. Azaroan Bilbon egindako omenaldi batean esandakoengatik auzipetu zuten Arraiz.

Ezker abertzalearen ibilbide politikoaz eginiko adierazpenengatik auzipetu zuten, eta, hitz horiekin, ezker abertzaleak orain 35 urte "Estatuarekin apurtzeko" erabakia berretsi besterik ez zuen egin.

Francisco de Borja Iriarte EAEko Justizia Auzitegiko epaileak igorritako autoaren arabera, Arraizen hitzek ez zuten terrorismoa goratu, nahiz eta "egokiak" ez izan. Horrenbestez, epaileak artxibatu egin du Dignidad y Justicia elkarteak Arraizen aurka jarritako salaketa.

Akusazioak helegitea jartzeko aukera izango du orain.

Sortuko presidentearen adierazpenak "anbiguoak eta desegokiak" izan zirela uste du epaileak, baina Arraizen hitzek ez zutela terrorismoa ez goratu ez justifikatu gaineratu du.

Apirilak 2an deklaratu zuen Arraizek EAEko Justizia Auzitegian.

Hona hemen Bilboko ekitaldian Arraizek egindako adierazpenak, hitzez hitz:

"Ezker abertzaleak orain 35 urte gaur egun egokitzat daukagun aukera egin zuen. Ez genuen parte hartu demokratikotik ezer gutxi zuen joko batean, eta denbora guzti honetan, ustez demokratikoa den joko horren kontraesanak mahai gainean jartzen aritu gara. Oso garesti ordaindu dugu, eta ez gaude prest orduko ezer berrikusteko edo errefusatzeko. Gure akats guztiak aldarrikatzen ditugu, izan ginena eta garena, eta egin duguna eta egiten duguna.

Egia da bataila hau (kontaketa historikoa) hor dagoela, eta horrek, gehiago edo gutxiago gustatu, iraganeko agertokietara sartzera behartzen gaitu. Argi dago bertan ez dagoela inor erantzukizunetatik aske; gatazka honetan inor ez da izan ikusle, eta mundu guztiak hartu du parte. Denok sufriarazi dugu eta denok sufritu dugu. Guk ez daukagu inongo arazorik gure erantzukizunak aitortzeko; beti egin dugu eta horrek ondratu egiten gaitu".

"Albiste ona"

Amaia Izko Sortuko buruzagiaren ahotan, "haustura demokratikoa" ezker abertzalearen "aukera" da, "Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko modu bakarra delako, baita errealitate bihurtzeko ere".

EAEko Justizia Auzitegiaren erabakia "albiste ona" dela esan du Izkok prentsaurrekoan.

Amaia Izko Sortu Efe

Amaia Izko Sortuko buruzagia. Argazkia: EFE

Hala ere, albistea eman behar ez zela azpimarratu du Izkok, prozedura judiziala "sekula zabaldu behar izan ez zutelako".

"Hala eta guztiz ere, Sortuk hasiera batetik defendatutakoa berretsi du ebazpenak, Hasier Arraizen adierazpenetan delitu zantzurik ez dagoela, alegia", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Sorturen azken albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Hasier Arraiz berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak