Politika -
Elkarrizketa 'Airean' saioan
Justizian alderdikeriaz jokatzen dela esan du Garbiñe Biurrunek
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko gizarte arloko presidenteak ez duela erabakirik hartu azaldu du, eta oraindik ofizialki ez diotela ezer jakinarazi kritikatu du.
Redacción
Garbiñe Biurrun Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko gizarte arloko presidenteak ez duela erabakirik hartu azaldu du, foru sozialeko kide izaten edo epaile lanekin jarraitzearen inguruan.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko batzorde iraunkorrak ukatu egin zuen atzo gehiengoz magistratuak foru sozialeko kide izateko egindako eskaera, "Botere Judizialeko kideen beharrezko independentzia baldintzatzen" zuela uste izanda.
Biurrunek 'Airean' saioan azaldu duenez, bere ustez, bateragarriak dira epaile izatea eta batzorde horretan parte hartzea. Urtarrilean horretarako baimena eskatu ostean, badirudiela horren inguruko erabakia iritsi dela esan du, nahiz eta ofizialki berari ezer ez jakinarazi, horren berri kazetari baten bidez izan zuelako.
Biurrunek aditzera eman duenez, "aginte judizialeko kide batek barkamena eskatu" zion, "gauzak horrela" egin zituztelako. Halaber, azterketa bat egingo duela esan du, eta orduan hartuko duela horren inguruko erabakia.
Biurrunen hitzetan, "gaiak badu zerikusia erabaki denarekin", eta aginte judizialak demokraziarako lotura bat izan behar duela nabarmendu du. Horrez gain, justizian ere alderdikeriaz jokatzen dela azaldu du, eta "alderdiek zuzen-zuzenean euren kuotak baita ere organo honetara eramaten" dituztela gaineratu du.