Politika -
Igeldo
Urquijok dio Igeldoren desanexioa 'legearen barruan' egin behar dela
Espainiako Gobernuaren ordezkariaren arabera, "zuzena" da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako auzoaren desanexioa behin-behinean bertan behera uzteko hartutako erabakia.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexioa behin-behinean bertan behera uzteko hartu duen erabakiak agerian uzten du "hobe dela itxarotea eta gauzak ongi egitea, korrika eta presaka ibili eta hanka sartzea baino".
Urquijok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, auzitegiaren erabakia "zuzena" izan da, desanexioa, egitekotan, "legearen barruan" egin behar dela iritzita.
"Hobe da itxarotea eta gauzak ongi egitea, korrika eta presaka ibili eta hanka sartzea baino. Hori bada erabakia, ez da ezer gertatzen, bederatzi hilabete edo urtebete barru segurtasun juridiko handiagoa izango da", adierazi die Urquijok igeldotarrei.
Espainiako Gobernuaren ordezkariaren esanetan, desanexio prozesuarekin jarraituz gero, "egindako kaltea, Donostiari biztanleak kentzea eta beste administrazio egitura bat sortzea, konpontzea ezinezkoa izango zen".