Politika -
EAEko Justizia Auzitegiak
Igeldoko desanexioa behin-behinean baliorik gabe utzi du epaileak
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak autoaren aurkako helegitea aurkeztuko duela esan du, "igeldotarren nahia balioesteko".
Erredakzioa
EAEko Justizia Auzitegiak behin-behinean baliorik gabe utzi du Igeldoko desanexioa baimentzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako lege dekretua. Erabaki honekin Gipuzkoako 89. herrian bilakatu zen Donostiako auzoa.
Otsailaren 18an 2015eko hauteskundeak burutu arte Igeldo kudeatuko duen administrazio arduraduna erabakiko zutela adierazi zuen atzo Foru Aldundiak. Gaur ordea EAEko Justizia Auzitegiko administrazioarekiko auzietako salak Bilduk sortutako lege dekretua behin-behinean baliorik gabe utzi du Donostiako udaleko oposizioko taldeak jarritako helegiteari buruz erabakia hartzen duen bitartean.
Administrazioarekiko auzietako salak gaur argitaratu duen erabaki agirian, zeini berrezartze helegiteak jartzeko bost eguneko epea jarri dion, 2013ko abenduaren 17an sortutako lege dekretua behin behinekoz baliogabetzen du.
Neurri hau PSE-EE, PP eta EAJk osatzen duten Donostiako udaletxeko auzibidezko ordezkaritzak eskatu zuen eta prozesu judizialari epai mugiezina jarri arte indarrean egongo da.
Auzitegiaren ustez, “46/2013 foru-dekretuaren exekuzioan ez da lehiatzen jurisdikzio auzi-administratiboak eskubidearen baliotasunari buruzko epaiari itxoin ez diezaiokeen hain interes handia”.
Aldundiak gaur egun bertan behera dagoen '6/2010 dekretu foralean Igeldoko desanexioari buruzko ezezko erabakia' hartu zuela ere gogoratu du.
Gipuzkoako Aldundiak autoari helegitea aurkeztuko dio
EAEko Justizia Auzitegiak behin-behinean baliorik gabe utzi du Igeldoko desanexioa baimentzen zuen lege dekretua auto baten bidez, eta Gipuzkoako Aldundiak auto horri helegitea aurkeztuko diola iragarri du asteazken honetan.
Larraitz Ugarte bozeramaileak azaldu duenez, autoren berri izan ostean Aldundiak bere esku dauden bide juridiko guztiak erabiliko ditu "igeldotarren nahia balioesteko".
Erreakzioak
Ernesto Gasco Donostiako Udalean PSEko bozeramaileak azaldu duenez, Igeldoren desanexioa behin-behinean baliorik gabe uzten duen autoarekin "Donostiak irabazi du, eta Izagirrek eta Bilduk galdu, donostiar guztien interesen kontra lantxo bat egin nahian".
Eneko Goia EAJk Donostiako Udalean duen bozeramailea ''pozik'' agertu da desanexioaren inguruko erabakiarekin, eta Igeldoko bizilagunei ''itxaropen faltsuak'' ematea egotzi dio Bilduri. ''Bilduk eta Aldundiak aurrerantz abiatu duten ihesaldia gelditu du auzitegiak'', Goiak ohar batean azpimarratu duenez. Jeltzalearen ustez, koalizio abertzalea da piztutako eztabaidaren erantzulea, ''irudia kanpaina egiteko asmoarekin bakarrik''.
Ramon Gomez PPko ordezkariaren hitzetan, Bilduri eta Martin Garitano ahaldun nagusia emandako ''abisua'' da, ''legeak zerbaitetarako daudelako''.