Politika -
Arkaitz Bellonen heriotza
Arkaitz Bellonen gorpua Elorriorako bidean da
Arrazoi naturalengatik hil zela esan du autopsien txostenak. "Etxeratentzat argi dago Arkaitz Bellonek 13 urtez bete duen zigorrak harreman zuzena duela heriotza eragin dion amaierarekin", dio.
Erredakzioa
Auzitegiko Institutu Anatomikoaren auzitegi medikuak eta Arkaitz Bellon euskal presoaren familiak jarritako konfiantzazko medikuek egindako autopsien aurretiazko txostenaren arabera, "arrazoi naturalengatik bat-bateko heriotza izan zuen", horregatik "ez dago eragindako heriotzaren susmorik".
Ohar batean Etxeratek azaldu duenez, "nolanahi ere, falta diren frogen emaitzei itxaron behar zaie, baita behin betiko txostenari ere".
"Etxeratentzat argi dago Arkaitz Bellonek 13 urtez bete duen zigorrak harreman zuzena duela heriotza eragin dion amaierarekin. Torturak, jipoiak, lekualdaketak eta etengabeko tentsioak zuzenean eragiten dute osasunean", azaldu du. Egoera horiek "ez dira arrisku faktore bat bakarrik, erabakigarriak baizik", gaineratu du.
Ehunka lagunek Arkaitz Bellonen heriotza salatu dute
Ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian, Elorrion, Arkaitz Bellonen sorterrian. "Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa politika amaitu" lelopean, aste honetan Cadizeko Puerto I espetxean hilda agertu den euskal presoaren heriotza salatu dute.
Arkaitzen argazki handi bat jarri dute Elorrioko udaletxe parean, xingola beltzarekin. Bertan, haren senideek eta lagunek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, Elorrion bertan, arratsaldeko 17:30ean. Gaur eguerdian, herri horretako dendak, tabernak eta enpresak itxita egon dira, Bellonen heriotza salatzeko. Elorrioko udalbatzak, berriz, presoaren senitartekoei babesa adierazten dion mozioa onartu du, EH Bilduren eta EAJren botoekin.
Arkaitz Bellonen gorpua ostiral honetan, 19:00etan, irten da Cadizetik eta bihar goizean goiz iritsiko da Elorriora, Etxeratek jakitera eman duenez.