Politika -

Igeldoren desanexioa

Igeldoren nahia errespetatzeko eskatu du Garitanok

Oposizioak salatu du desanexioa irizpide politikoei jarraiki gauzatu dela.

Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia. EiTB
Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia. EiTB
Lege aholkularien batzarra Igeldori buruz

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du Igeldoren desanexioa herria izateko "baldintza guztiak" betetzen dituelako dekretatu zutela. Gainera, oposizioari paper artean ez ezkutatzeko eta Igeldoko herritarren nahia errespetatzeko eskatu dio.

Batzar Nagusietan hitz egin du gaur Garitanok, eta oposizioaren kritikak jaso ditu. Haien ustez, Igeldoren desanexioa irizpide politikoei jarraiki gauzatu da. Gainera, Aldundiko aholku batzorde juridikoaren aurkako txostena izan arren, banaketaren aldeko erabakia hartu izana leporatu diote.

Erakunde horretako presidente orde Juan Ramon Ciprian ere Batzar Nagusietan izan da, sozialistek eskatuta. Igorritako txosten hari buruz azalpenak eman ditu, eta esan du "ezinezkoa" dela 2010eko foru dekretua, bereizketaren aurkakoa, baliogabetzea.

Ciprianek azaldu duenez, indargabetu daitezkeen dekretu bakarrak bi aldeentzat kaltegarriak direnak dira. Kasu horretan, ordea, edukia "onuragarria" da banaketaren aldeko Itxas Aurre elkartearentzat, "baina ez beste aldearentzat".

"Edukiak bi aurpegi dituenez, ezinezkoa da baliogabetzea", adierazi du Ciprianek; hori dela eta, aholku batzordeak "ez zuen Igeldo Gipuzkoako 89. udalerri bihurtzen zuen dekretuaren edukia aztertu, guztia baldintzatzen duen abiapuntua falta baitzen".

"Egoera kafkiarra"

Igeldoren polemika ez dela "desiragarria" esan dio Garitanok Rafaela Romero bozeramaile sozialistari, eta batzuek "sortu den egoera kafkiarrarekin gozatu" egiten dutela azaldu dio.

Ahaldun nagusiaren aburuz, Igeldo udalerria da: "Legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu, eta igeldotarrek hori horrela izateko eskubidea eta nahia dute, hori da gakoa. Gainontzeko guztia trabak jartzea, ukapena aplikatzea, eraiki dena suntsitzea eta demokrazia gutxiestea da, interes politikoek bultzatutako debate faltsuak sortzeko interesagatik".

Romerok "bide arriskutsua" hartu duela adierazi dio Garitanori: "Dekretua bidegabea zela jakinda onartu zuen, hori ezin baita arrazoi politikoengatik indargabetu".

Bozeramaile sozialistak "etsipena" sentitu duela azaldu du, ahaldun nagusi batek "Donostiako Udalarekin balorazio politikoa eta errespetu gutxikoa" egin izanagatik. Gainera, Romeroren aburuz, "ezker abertzaleak puntu politiko bat irabazi nahi izan du", Zubietako erraustegiaren kasuan bezala. Bi ekintza horien ondorioak "gipuzkoar guztiek ordaindu beharko dituzte", azpimarratu du.

EAJ alderdiko Xabier Ezeizabarrenaren ustez, desanexioa eskualdeko ganberaren eta Donostiako Udalaren aurka doan "erabaki politikoa" da, eta lurralde antolaketaren inguruko araudi osoa aurka du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Donostia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak