Politika -

Igeldoren desanexioa

Donostiako Udalak helegitea jarriko du Igeldoren desanexioaren aurka

Donostiako Udalak helegitea jarriko du auzitegietan Gipuzkoako Diputazioak Igeldo Donostiako auzo ohia udalerri izendatzeko kaleratu zuen dekretuaren aurka, PSE, PP eta EAJren babesarekin.

Hilaren 18an izendatu zuten udalerri Igeldo. Argazkia: Efe.
Hilaren 18an izendatu zuten udalerri Igeldo. Argazkia: Efe.
Tentsioz beteriko bilkura, Donostiako udaletxean

2:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak helegitea jarriko du auzitegietan, Gipuzkoako Diputazioak Igeldo Donostiako auzo ohiari udalerri izaera emateko abenduaren 18an kaleratu zuen dekretuaren aurka. Egun horretatik aurrera, lurraldeko 89. udalerria da Igeldo.

Erabakia gaur hartu dute Igeldoren desanexioari buruzko osoko bilkura monografikoan, PSE-EE, PP eta EAJ alderdien botoek hala erabakita. Juan Karlos Izagirre alkateak (Bildu) ez du osoko bilkuran parte hartu, Itxas Aurre Igeldoren independentziaren aldeko elkartean izan dituen ardurengatik.

Izagirre alkatea egon ez denez, Josu Ruiz lehen alkateordea izan da saioko buru, eta oposizioko talde guztien botoak Bilduren udal gobernuarenak baino gehiago izan dira bertan.

Gipuzkoako Diputazioak Igeldo Donostiatik desanexionatzea onartu zuen hilaren 17an, azaroaren 10ean orduan Donostiako auzo zen udalerrian egindako galdeketa ez lotesle baten emaitzak aintzat hartuta. Parte hartu zuten bizilagun guztien % 61,38k eman zuten independentziaren aldeko boza.

Desanexioaren aurkako balizko helegiteaz mintzatzeko osoko bikuran, Igeldoko herritarren zenbat ordezkarik idatzi bat irakurtzeko baimena eskatu dute, baina Ruizek ez die utzi, popularrek eta sozialistek esan duten bezala, araudiak ez baitu baimentzen. Une horretan, segregazioaren aldekoek aretoa utzi dute, "faxistak" oihuak botatzen zituzten bitartean.

Bilkura amaituta, Juan Karlos Izagirre alkateak agerraldia egin du. Udalak gaur onartutako helegitea tramitatuko duela baieztatu du eta dimisiorik emango ez duela azpimarratu du, "hauteskunde-programan esandakoa betetzen ari naizelako, gehiengoak errespetatuta".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Berriak Politika Donostia albisteak Alderdi politikoak bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak