Politika -
Igeldoren desanexioa
Garitano: “Igeldoren desanexioak ez du inor kaltetzen”
Igeldoren "independentzia" bertan behera uzteko epaitegietara ez jotzeko eskatu dio Gipuzkoako ahaldun nagusiak EAJri.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren iritziz, Igeldoren desanexioak "ez du inor kaltetzen", eta, alderantziz, herriaren borondatea errespetatzea suposatzen du. Hori dela eta, epaitegietara ez jotzeko eskatu dio Garitanok EAJri.
Igeldok gaur burutu du bere lehen ekitaldi ofiziala herri gisa, eta Gipuzkoako gainerako udalerrietako alkateak eta zinegotziak gonbidatu ditu. Kultur etxean egin duten ekitaldian parte hartu dute Igeldoko Herri Kontseiluko Ramon Urruzkendi eta Gurutze Dorronsoro ordezkariek, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak eta Astigarraga, Hernani, Alkiza eta Ereñozuko alkateek, besteak beste.
Urruzkendik hartu du hitza Igeldoko Herri Kontseiluaren izenean, eta igeldotar guztiak zoriondu ostean lehen ekitaldi instituzional horren garrantzia azpimarratu du. Jarraian, Andoni Gartzia Astigarragako alkateak hitz egin du eta Astigarraga ere Donostiatik bereizi zela gogoratu du.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere ekitaldian izan da, eta horren esanetan desanexioarekin Donostiak eta Igeldok biek irabazi dute.
Garitanok Igeldoko eta Donostiako bizilagunak zoriondu ditu. Horren iritziz, Igeldori buruz hartutako erabakiak ez du inor kaltetzen, alderantziz, Gipuzkoako hiriburua "handiagoa" dela uste du herritarren borondatea errespetatzen duen erabakiko demokratiko bat hartzeagatik.Halaber, Igeldoren desanexioa bertan behera uzteko epaitegietara ez jotzeko eskatu dio EAJri.
Ekitaldiaren ondoren, "Zorionak Igeldo, zorionak Donosti, Zorionak Euskal Herria" idatzi du Igeldoko liburu ofizialean.
Bestalde, herriko plazan "Lortu dugu. Igeldoko Udala" zioen plaka bat ere bistaratu du.