Politika -
Parot doktrina
Presoen harreren eztabaida bake lantaldearen esku utzi dute
EAJk eta EH Bilduk babestuta, Parot doktrina baliogabetu ostean aske geldituko diren presoen harreren gaineko eztabaida, bake lantaldearen esku uztea adostu du Legebiltzarrak.
Erredakzioa
UPyD, PSE-EE eta PP alderdiek egindako hainbat proposamen errefusatu ditu gaur Eusko Legebiltzarrak. Hain zuzen ere, Parot doktrina baliogabetu ostean, aske geldituko diren presoen harreren aurkako proposamenak aurkeztu dituzte aipatutako alderdiek, eta EAJren eta EH Bilduren babesarekin, gai honekin lotutako eztabaida bake lantaldearen esku uztea adostu dute.
Aurreko astean ere, antzeko egoera bizi izan zuten Legebiltzarrean. Izan ere, PSE-EEk, Alderdi Popularrak eta UPyDk ETA deslegitimatzeko eskaera egin zuten, baina azkenean, EAJk aurkeztutako zuzenketa onartu ostean, eztabaida bake lantaldearen kargu geratzea hitzartu zuten.
Gaurko eztabaida Gorka Maneiro UPyD alderdiko bozeramaileak abiatu du. Maneirok, "indarkeriaren biktimak umiltzen edota mintzen" dituzten ekitaldi publikoen aurrean, Estatuko Fiskaltza Nagusiak neurriak hartzea eskatu du.
Proposamen hau, ordea, ez dute onartu. Gauza bera gertatu da PSE-EEk eta PPk aurkeztutako proposamenekin. Besteak beste, Herrizaingo Sailari omenaldiak saihesteko neurriak hartzea exijitu diote.
Proposamen guztiek EAJren eta EH Bilduren aurkako botoak jaso dituzte, presoen omenaldien eztabaida bake lantaldearen esku geratzea salbu. Bi alderdi hauen ustez, bake lantaldea da "bakegintzarekin eta normaltasun politikoarekin" lotutako gaiak lantzeko lekurik egokiena.