Politika -
Larraitz Ugarte
'Rajoyk Kataluniarekin duen jarrera bera du oposizioak Igeldorekin'
Bestalde, Arantza Quirogak esan duenez, bere alderdiak Igeldo bereiztearen kontra egingo du "erakundeetan", "aldebakarreko erabakia" izan dela uste baitu.
Erredakzioa
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeraimaleak esan duenez, oposizioak (EAJ, PSE-EE eta PP) Igeldoren bereiztearen inguruan duen jarrera Mariano Rajoyk "Kataluniarekin" duen jarreraren "antzekoa da".
Baliteke Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioak auzitara eramatea Bilduk oniritzia eman izana Igeldo Donostiatik bereizteko erabakiari; eta Ugarte aukera horren inguruan mintzatu da.
"Igeldoko herritarren kontra epaitegietan egin nahi badute, egin dezatela. Rajoyk Kataluniarekin duen jarrera gogorarazten dit honek, bakoitza bere neurrian, baina antzekoak dira", gaineratu du Ugartek, Diputazioaren kontrako helegite batek bideragarritasunik izango ez duela ziurtatu ostean.
Ugarteren iritzian, "oposizioak eskandalu bihurtu nahi du erabaki hau, demokrazia hutsa denean", eta "ez du Donostiaren kaltetan egingo", donostiarrek "naturaltasun osoz hartuko baitute erabakia".
Quirogak 'borroka' egingo du
Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak iragarri duenez, bere alderdiak Igeldo bereiztearen kontra egingo du "erakundeetan", "aldebakarreko erabakia" izan dela uste baitu.
Martin Garitanok dekretu bidez hartutako erabakiaren kontra azaldu da Quiroga, eta, gaineratu duenez, PPk, "jokoaren arauak beteta", erabaki hori aldatzeko "borroka egingo du" erakundeetatik.
Quirogaren arabera, "bitxia da momentu honetan, 'legaltasuna' eta 'segurtasun juridikoa' hitzek esanahi osoa eta garrantzia hartzea", "horiek bermatzen dutelako horrelako erabakiak beste barik ez gauzatzea".