Politika -

Herri bat jaio da Gipuzkoan, Igeldo

Igeldo Gipuzkoako 89. udalerria bihurtu da asteazken honetan. Herri berriak 10,4 kilometro karratu eta 1.074 biztanle ditu.

Igeldo
Igeldo
Igeldo udalerri izendatu du Gipuzkoako Aldundiak

1:23

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igeldo Gipuzkoako 89. udalerria da gaurtik, atzo Foru Aldundiak Donostiatik bereiztea onartu eta gero.

Herri jaioberriak 10,4 kilometro karratu eta 1.074 biztanle ditu. Hain zuzen ere, Donostiako azaleraren % 17 eta biztanleen % 0,5 zituen.

Donostiatik bereiztea Igeldoko bizilagunen aldarrikapen zahar bat zen. Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako hiriburuko alkatea ere horren aldekoa zen, Itxas Aurre plataformako (Igeldo independente izatea sustatu duena) presidentea izan zelako.

Udalerriaren zerbitzuak eta azpiegiturak

Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko Departamentuko diputatuak azaldu duenez, Aldundiak batzorde kudeatzaile bat sortuko du, Igeldo hurrengo hauteskundeak egin arte gidatzeko (2015. urtean izango dira).

Gainera, Igeldok eskola publikoa, ur biltegia, lehen hezkuntzako zentroa, kultur-etxea eta beste hainbat zerbitzu izango ditu.

Herri berrian hilerri bat, eliza bat, AEMETen meteorologia estazio bat, Donostiako kanpaleku handiena eta hainbat jatetxe daude. Horietako bat, Pedro Subijana sukaldari ospetsuaren Akelarre. Hiru izar ditu Michelin gidan, eta, horrenbestez, udalerri berriaren ikurretako bat izango da.

Donostiako Udalaren esanetan, gainera, Igeldon orain arteko zerbitzu berberak eskaintzen jarraituko du.

Igeldo mendia, baina, Donostiaren esku egongo da. Izan ere, izen hori duen arren, ez da Igeldoren parte.

Igeldoko historia

Igeldo dagoeneko existitzen zen, herrixka gisa, Donostiako hiribildua 1180. urtean sortu zenean. Une horretan, Gipuzkoako hiriburuaren jurisdikzioan sartu zuten, baina kontzeju gisa, administrazio propioa izanda.

Azaroko kontsultarako Aldundiak herritarren artean banatutako txostenen arabera, Igeldo 1845. urtean bihurtu zen udalerri, baina sei urteren ostean, 1851. urtean, berriz gaineratu zioten Donostiari.

1980ko hamarkadan, Donostiatik bereizteko mugimenduak indarra hartu zuen. Hori horrela, Auzolan elkarteak kontsulta bat antolatu zuen 1994. urtean, eta boto-emaileen % 58,7k babestu zuten bereiztea. % 8,8k aurka bozkatu zuten, eta % 32k zerbitzuak deszentralizatzearen alde egin zuten.

1996an, Itxas Aurre elkarteak Donostiatik bereizteko izapide legalak abiatu zituen, baina Aldundiak errefusatu egin zuen, 2010. urtean.

Orain, Bildu agintean dela, baliogabetu egin du 2010. urteko dekretu hori. 2013ko azaroaren 10ean, kontsulta bat baimendu zuen, eta Igeldoko herritarren % 61,38k independentziaren alde egin zuten, eta % 36,73k, aurka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Donostiako azken albisteak Euskal hiriburuak Albisteak Gaur Albisteak