Politika -
Ez du zantzurik ikusten
Calparsoro: 'Ez dago Sortu legez kanpo uzteko oinarririk'
EAEko fiskal nagusiaren iritzian, ez dago "oinarririk Sortu legez kanpo uzteko salaketa batek aurrera egiteko".
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak esan duenez, "ez dago zantzurik, ezta oinarririk ere, Sortu alderdia legez kanpo uzteko salaketa batek aurrera egiteko".
Calparsorok hedabideen aurrean egin ditu adierazpenok, Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordearen saio batean parte hartu baino lehen. Idatzizko hedabide batek gaur, astelehena, publikatu duenez, Barne ministroak zenbait txosten bidali dizkio Fiskaltzari Sortu legez kanpo uzteko "zantzuak" jasota.
Agiriok Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren eskumenekoak ez direla zehaztu ostean, Calaparsorok azaldu du jasotzen duten edozein txosten Madrilera igorriko dutela, ekintza batasunaren printzipioari jarraituz, erakundea bat izanik organo bakoitzak eskumen propioak baititu.
"Guk Euskadin jarduten dugu, baina alderdi politikoak aztertzeko ardura Auzitegi Goreneko Fiskaltzari dagokio, Gorenaren areto berezi bati; beraz, dena erabakitzen da Madrilen", gaineratu du.
Calparsorok nabarmendu duenez, alderdiak aztertzeko ardura Madrilen dute, baina momentuz ez dago salaketarik, eta "jartzeko oinarririk ez dagoelako izango da", gaineratu du.
Horren hitzetan, "momentu honetan ez dago zantzurik". "Iritzi bat da, garrantzia gehiago izango du Gorenaren fiskalaren iritziak, baina ez dut uste momentu honetan Sortu legez kanpo uzteko salaketa batek aurrera egiterik izango duenik".