Politika -
RTVV-ren itxiera
Canal 9 itzali egin du Valentziako Gobernuak
Valentziako telebista publikoaren seinalea 12:19an pasatu da beltzera.
Erredakzioa
Valentziako Gobernuak itzali egin du Canal 9 telebista publikoa, langileek hainbat orduz itxiera galaraztea lortu eta gero. Seinalea 12:19an pasatu da beltzera, 24 urteko ibilbideari amaiera emanda.
Horren ondorioz, 1.600 pertsona lan gabe geratu dira, eta 5 milioi biztanletik gora valentzieraz emititzen zuen telebista publikorik gabe.
Eguerdian, Espainiako Polizia Canal 9ren egoitzan sartu da, likidatzaileekin batera, eraikina husteko eta emisioa itzaltzeko. Aldez aurretik, epaitegi batek egoitza indarrez husteko baimena eman zuen.
Barruan zeuden kazetariek oihu artean hartu dituzte agenteak. Besteak beste, "Ez duzue lotsarik!", "Fabra dimisioa!" eta "Lapurrak!" aldarriak oihukatu dituzte.
Emisioak amaitu eta gero, RTVVko langileak egoitzatik irten dira, eta Valentziako erkidegoaren bandera kendu dute.
Ondoren, sarrera nagusira bertaratu dira, protesta egiten ari ziren lankideekin eta herritarrekin batera.
Vicent Mifsud enpresa batzordeko presidenteak emisioak berriz abiatzeko borrokan jarraituko dutela adierazi die bertan zeudenei.
Beltzera pasatu baino lehen, oposizioaren (PSPV, EUPV eta Compromis) ordezkariek telebista katearen azken saioan parte hartu dute, eta valentziarrak ezin direla itxieraren aurrean "makurtuta geratu" ohartarazi dute. Halaber, hedabide publikoa "itzuli" egingo dela aurreratu dute.
Gauez eman dute agindua
Valentziako Gobernuak gauerdian agindu du, ezustean, RTVV irrati-telebista publikoa itzaltzea.
Radio Nou izan da amatatzen lehena, gauerdian bertan. Ordu batzuen ostean, baina, langileak emititzen hasi dira berriz, Si Rdio kate musikalaren bitartez.
Canal 9ren kasuan, langileek emisioarekin jarraitzea lortu dute, Poliziari eta likidatzaileei egoitzan sartzen galarazten.
Ordu horietako protagonistetako bat Paco Signes ('Paco Telefunken' ezizenarekin ezagutzen dute katean) izan da. Seinalea itzaltzeko agindua jaso duen teknikaria izan da, baina uko egin dio betetzeari: "Etxea noa, [Canal 9] ez da nire erruz itxiko".
Programazio berezia
Gauerditik, Canal 9ko langileek itxierari buruzko programazio berezia eskaini dute, 12:19an seinalea beltzera pasatu den arte.
"RTVVren emisioen amaiera jarraitzen ari gara, zuzenean. Langileok azkenera arte egongo gara valentziarrekin", irakurri ahal izan dute ikus-entzuleek, telebistan. Katalunian, TV3k ere eskaini du Canal 9ren seinalea.
TVVko 24 orduko kanala albistegia hasten ari zen gauerdian, ezustean itxieraren berri jaso dutenean. Berehala, Gobernuak Radio Nou irrati publikoa itzali du, "La taula esportiva" kirol saioa eskaintzen ari ziren bitartean.
Canal 9: 24 urtez valentziarren telebista
1989tik Valentziako ikus-entzunezko ikur izan da RTVV, urte hartan, irailean, hasi baitzen emititzen Canal 9. Ondoren sortu zituzten Punt Dos bigarren katea, Radio 9 irrati autonomikoa, Nou 24 katea eta Nou Internacional, satelite bidezkoa.
1992an lortu zituen emaitzarik onenak Canal 9k, % 22,5eko pantaila kuotarekin, eta "Tombola" izan du Estatu mailan saio ezagunena. 2000. urtetik, baina, etengabe egin du behera Canal 9ren audientziak.
1.400 milioi euroko zorra du Valentziako irrati-telebista publikoak, eta 2012ko abuztuan 1.200 langile kaleratzeko enplegu-erregulazioko txostena aurkeztu zuen.
Duela hilabete, Justiziak atzera bota zituen kaleratzeak, eta Gobernu autonomikoak hedabide osoa ixtea erabaki zuen. Gaur, 24 egunen ondoren, beltzera pasatu da.