Politika -
'Parot doktrina'ren amaiera
Jaurlaritzak ez du 'legez kanpoko omenaldirik' onartuko
Urkulluk aurreratu duenez, Gasteizko Gobernuak ez du terrorismoa goratzerik eta biktimak iraintzerik onartuko.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ez du ETAko preso ohien aldeko legez kanpoko omenaldirik onartuko. Dena dela, "politikari batzuek" gai hau "arma gisa" erabiltzea deitoratu du.
Urkulluk Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Gobernuaren kontrolerako saioan, UPyDren galdera bati erantzunda.
Hori horrela, 'Parot doktrina'ren amaieraren ondorioz espetxetik ateratzen diren presoen aldeko omenaldiak galarazi egingo dituztela aurreratu du lehendakariak, terrorismoa goratzea edota biktimak iraintzea ekartzen badute.
Bestalde, Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak ezker abertzalearen aurka egin du, eta preso ohiak "omendu eta goratu" nahi dituela kritikatu du.
Hori dela eta, "diskurtso argia eta irmoa" izan dezan eskatu dio lehendakariari, ETAko biktimak "bakarrik eta abandonatuta" ez sentitzeko.
Erantzun gisa, Segurtasun Sailak, terrorismoaren biktimen legea urratzea saihesteko, "baliabide guztiak" martxan dituela esan du Urkulluk.
Nolanahi ere, orain arte Euskadin ez dela honelako omenaldirik izan zehaztu du, eta, horregatik, "benda zauria egin baino lehen jartzea" egotzi dio Maneirori.
"Politikari batzuek indarkeria eta terrorismoa arma [politiko] gisa erabiltzen jarraitzen dute", salatu du agintariak.