Politika -
Diputatuen Kongresua
Damutu ez diren presoek laguntzak ez jasotzeko ekimena, bertan behera
UPyDren mozioa zen, eta Gobernuari legedia aldatzea eskatzen zion. Amaiurrek betoa jarri dio Kongresuan.
Erredakzioa
Barkamena eskatu ez duten ETAko presoek diru-laguntzak jasotzea ekiditeko UPyD alderdiak aurkeztu duen mozioak ez du aurrera egin Diputatuen Kongresuan, Amaiurrek betoa jarri ondoren.
PPk eta UPyDk atzo adostutako emendakinean zegoen neurria jasota, baina, azkenean, ez dute gaurko bozketan sartu, Kongresuko araudia oinarri hartuta, Amaiurrek bozketan sartzea ekidin duelako. Azkenean, beraz, UPyDren jatorrizko testua bozkatuta da, eta horrek ere ez du aurrera egin.
Rosa Diez UPyDko buruak gogor kritikatu du PP, eta Amaiurren xantaiari etsi izana ''onartezina'' dela salatu du.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak atsekabea agertu du bozketaren emaitza dela-eta, eta Gobernuaren asmoa laguntza horiek ekiditeko neurriak hartzea dela azpimarratu du.
Ez-legezko proposamen aurkeztu du ondoren UPyDk
Amaiurrek bozketa ekidin eta bi ordutara, mozioan aurkeztutako testu bera biltzen duen ez-legezko proposamena erregistratu du UPyDk Kongresuan.
Proposamen berri honetan legedia aldatzea eskatu du berriz ere, Parot doktrina bertan behera uztearen ondorioz kartzelatik irteten diren ETAko presoek Estatuko diru-laguntzak jaso ahal izateko zenbait baldintza bete ditzaten. Hala, jarduera armatua utzi eta gaitzestea, biktimei barkamena eskatzea eta Justiziarekin kolaboratzea eskatu nahi die UPyDk presoei.