Politika -
Baluarte (Iruña)
Europaren 'moteltzeaz' ohartarazi du Pirinioetako Lan Elkarteak
Era berean, krisi ekonomikoak "atzeraldi nazionala" eragiteko arriskuaz ohartarazi du CTP mugaz haraindiko elkarteak.
Erredakzioa
Pirinioetako Lan elkarteak (CTP), mugaz haraindiko erakundeak, XXXI. osoko bilkura egin du gaur, Iruñean. Europa eraikitzeko prozesua moteltzen ari dela ohartarazi du CTPk adierazpen batean, eta krisi ekonomikoak "atzeraldi nazionala" eragiteko arriskua dagoela erantsi du.
Nafarroa, Euskadi, Aragoi eta Katalunia; Akitania, Midi-Pyrenees eta Languedoc Roussillon, eta Andorra erregioek erakundea osatzen dute. Lankidetza kultura areagotzeko borondatea azaldu dute partehartzaileek; izan ere, ordezkariek aho batez adierazpen bateratua onartu dute.
Zentzu horretan, lurralde, hizkuntza eta kultura gaietan lankidetzarako konpromisoa azaldu dute. "Europa sendo eta integratzaile baten" alde lan egiteko borondatea agertu dute, "batez ere mugaz haraindiko lankidetzaren bidez, Europa eraikitzeko".
Pirinioak garatzeko mugaz haraindiko estrategia osatu du CTPk. Enpresa txiki eta ertainetan ikerketa eta berrikuntzaren sustapena, enplegu jasangarriaren bultzada, lan mugikortasuna eta lehiakortasuna oinarritzat jarri ditu Elkarteak.
AHT Gelditu plataformaren elkarretaratzea
Bestalde, AHT Gelditu plataformako kideek elkarretaratzea egin dute Iruñean, azaroaren 18an egitekoa den epaiketa gaitzesteko. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak botatzeagatik lau lagun epaitu behar dituzte. Gertakariak CTPren osoko bilkuran jaso ziren 2011ko urrian, Tolosan (Frantzia).
Argazkia: EFE
Elkarretaratzea egin eta gero, partehartzaileek boxeo ring bat eraiki dute Baluarte plazan, soka bat zuhaitzei lotuz, eta borroka egin dute elkarri tartak jaurtiz.