Politika -
Igeldoren desanexioa
Diputazioa burujabea da Igeldon galdeketa egiteko, Garitanoren arabera
Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, galdeketan herritarren erdiek baino gehiagok parte hartzen badute, eta gehiengoa 'argia' bada, desanexio prozesua abiatuko du Aldundiak.
Erredakzioa
Gipuzkoako Diputazioa Igeldoren desanexioari buruzko galdeketa egiteko 'burujabea' da, Martin Garitano ahaldun nagusiaren arabera. Halaber, parte-hartzea % 50etik gorakoa bada, eta gehiengo 'argia' Igeldo Donostiatik bereiztearen aldekoa bada, Diputazioak desanexio prozesua abiatuko duela gaineratu du. Atzo Estatuko Fiskaltzak igandeko galdeketa bertan behera uzteko eskatu eta gero egin ditu adierazpen horiek Garitanok.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, besteak beste, Igeldoko galdeketa izan du hizpide. Horren esanetan, galdeketa ez da loteslea izango, eta "ezin du legez kanpokoa izan".
"Gipuzkoako Diputazioa Igeldon galdeketa egiteko burujabea da. Intereseko kontuen gainean herritarrei galderak egiteko eskumena du Diputazioak, herritarrek erantzuteko aukera daukate, eta Legeak ematen dizkigun eskumenen arabera jokatuko dugu", gaineratu du.
Garitanoren esanetan, ez du galdeketa bertan behera uzteko agindurik jaso, baina ondorengo egunetan hel daiteke. "Nire ustez, epaileak eskaera hori bertan behera utzi beharko luke, eta, are gehiago, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren jarrera aurpegiratu beharko luke erakundeen ekintza politikoari oztopoak jartzeagatik", gaineratu du.
Galdeketan herritarrek desanexioaren alde bozkatuz gero Diputazioak desanexioa martxan jarriko lukeen galdetuta, argi hitz egin du: "Behar adinako parte-hartzea eta gehiengo zabala badago, bai; bestela, ez. Prozesu gardena dela esan dugu behin eta berriro, eta atsekabetuta nago alderdi politiko batzuek parte hartu nahi ez dutelako".
Garitanoren esanetan, Diputazioak igeldotarren nahia gauzatzeko, parte-hartzeak % 50etik gorakoa izan behar du.