Politika -
Eskandalua espioitza dela eta
CNIk ezker abertzaleko agintariak 'etengabean' zelatatzen ditu
Antza denez, Inteligentzia Zentro Nazionalak entzuteak egitea baimentzen duen epaileak ehunka baimen ematen ditu urtero, eta zelatatuen lehenengo postuen artean ezker abertzaleko kideak omen daude.
I.G. | EITB.COM
Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) ezker abertzaleko agintariak zelatatzea du "helburu iraunkorren" artean, El Pais egunkariak zabaldutako artikulu baten arabera.
Edward Snowdenek zabaldutako agirien ostean eman dute argitara albistea. Agiriotan, AEBek Espainian eta beste herrialde batzuetan egindako espioitzarekin lotzen dute CNI.
Emiliko Alonso Manglanoren kontrako epaiketaren ostean (CESIDen -gaur egun CNI- zuzendari ohia) Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak erreforma bat egin zuen, espioitzaren jarduruen inguruan. Horrezkero, epaile batek baimendu behar ditu CNIk egiten dituen entzute guztiak.
Manglanok dimisioa eman zuen 1995ean; geroago epaitu eta hasiera batean zigortu, baina azkenik Herri Batasunaren egoitzan telefono bidezko elkarrizketak entzuteagatik absolbitu zuten.
Artikuluaren arabera, eta Inteligentzia Zentroaren funtzionamendua ondo ezagutzen duten iturriak aipatuta, Espainiako Gobernuak 2002an egindako erreformaz geroztik, epaile horrek ehunka baimen ematen ditu urtean, baliteke milara ere heltzea.
Helburuetako batzuk "iraunkorrak" dira, eta horien jarraipena luzatzea hiru hilabetean behin onartzen da; ezker abertzaleko kideak dira, artikuluaren arabera, helburu iraunkorretako batzuk.
Halaber, baimen "luzeak" ere badira, baina behin behinekoak, eta hainbat helburu barne hartzen dute, besteak beste, Bartzelonako kolektibo pakistandarra.
Herri Batasunaren egoitza zelatatua
1998an, Herri Batasunako zenbait kidek salatu zutenez, Telefonicako teknikariak telefonogunea aldatzen ari zirela, kable batzuk goiko solairura bideratuta zeudela ohartu ziren. Epaile batek miaketa egiteko baimena eman zuen, eta hainbat gailu topatu zituzten bertan; esaterako, bideoak eta audioak erreproduzitzeko gailuak, grabagailuak... hala nola HBko egoitzako fax, ordenagailu eta telefonoetara lotuta zeuden zenbait kable.
Arabako Auzitegiak Mario Cantero eta Francisco Bujan CESIDeko agenteei bi urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zien, eta Emilio Alonso Manglano eta Javier Calderon Fernandez CESIDen zuzendari ohiei hiru urteko zigorra.
2004ko apirilean, Auzitegi Gorenak Manglano eta Calderon absolbitu zituen epaiak "uste ahul eta zehaztugabeetan" oinarritu zituztelako, eta ez benetako zantzuen gainean. HBren egoitzan grabazioak egin zituen agentearen zigorra, alabaina, mantendu zuten.
Azalpenak Kongresuan
Felix Sanz Roldan Espainiako Inteligentzia Zentroko (CNI) zuzendariak agerraldia egingo du Kongresuko Sekretu Ofizialeko Batzordean, espioitza kasuak direla eta.
AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) Espainiako 60 milioi dei zelatatu zituela zabaldu zenetik, ustezko espioitzaren afera bolo-bolo dabil. 9:00etan du hitzordua Sanzek azalpenak emateko.
Sekretu Ofizialen Batzordea osatzen duten taldeen bozeramaleen galderei erantzun beharko die CNIren zuzendariak.