Politika -
'Parot doktrina'
Konstituzionalak kasuz kasu berraztertuko du 'Parot doktrina'
Auzitegian, ez dute osoko bilkura monografikorik egingo doktrina berriz aztertzeko. Jaurlaritzak "prestasuna" eskatu du Estrasburgoren erabakiaren ostean, eta Sortuk epaia "lehenbailehen" aplikatzea.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak ez du "Parot doktrina" berraztertzeko osoko bilkura monografikorik egiteko asmorik, Estrasburgoko Auzitegiak Ines del Riori doktrina aplikatu izana baliogabetu eta gero, eta doktrinaren aurkako babes eskariak ohiko osoko bilkuretan banan-banan aztertzea erabaki du.
Goi auzitegitik jakinarazi dutenez, oraindik ez dute behin betiko erabakia hartu, baina, agidanez, Konstituzionalean ez dute "Parot doktrina" aztertzeko oso bilkura monografikorik egingo.
Aste honetan, Konstituzionalak Auzitegi Nazionalaren osoko bilkuraren jakinarazpen bat jaso du. Idatzi horren arabera, Auzitegi horretako Gai Penaletako Gelako magistratuek Konstituzionalak erabaki arte itxarongo dute, babes eskariak daudenean.
Hala, presoek "Parot doktrina"ren aplikazioaren aurrean Auzitegi Konstituzionalera jotzen dutenean, Auzitegi horrek berak erabakiko du ezarritako zigorra legezkoa ote den, Estrasburgoko Auzitegiak Ines del Rioren egoeraren inguruko epaia eman eta gero.
Jaurlaritza: "Estrasburgoren epaia prestasunez aplikatu behar da"
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena aplikatzeko "prestasunez" jokatzera deitu ditu dagozkion erakuden guztiak. Frantziako auzitegiak Ines del Rio Parot doktrina aplikatzeko erabakia baliogabetu zuen.
"Jaurlaritzak epaia onartu behar du, eta dagozkion erakunde publiko eta organismoei prestasunez jokatzeko deia egin nahi die", erantsi du.
Barrenak presoak "lehenbailehen" askatzea eskatu du
Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak ontzat jo du Auzitegi Nazionaleko epaileek "Parot doktrina" ezarrita duten preso guztiak askatu behar direla pentsatzea, eta 50 preso horiek "berandu baino lehen" askatzea eskatu du. Gainera, "zigorrak metatu izanaren" ondorioz Auzitegi Konstituzionalean eta Auzitegi Gorenean izapideak zabalduta dituzten presoak (beste 50 bat) ere askatzea eskatu du.