Politika -
Fagor Elektrotresnak
'Jaurlaritzak esku hartuko du Fagorren, baina ez da eragilea izango'
Andoni Ortuzarrek dagokion 'eginkizunari' aurre egin diezaion eskatu dio MCCri, Jaurlaritza "ezin baita izan" "bideragarritasun planaren eragile nagusia".
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak "esku hartuko" duela Fagor Elektrotresnak-en egoera konpontze aldera, baina, ziurtatu duenez, "ezin da" bideragarritasun planeko "eragile nagusia izan". Hori dela eta, dagokion 'eginkizunari' aurre egin diezaion eskatu dio MCCri.
Jeltzaleen ordezkari nagusiaren esanetan, "denbora aurrea doa" eta "gizarteak eta erakundeek nora joko duten jakin behar dute". Gainera, "zaila da ulertzen" gaur arte "enpresaren etorkizunaren inguruko aurrikuspenik " egin ez izana, "holakoak ez baitira gauetik goizera geratzen".
Halaber, Ortuzarrek onartu egin du kooperatiben eredua "enpresa kapitalistaren ez bezalako eredua" dela; hori dela eta "esparru horretan enpresariak liratekeenei" (Fagor Elektrotresnak aipatuta) dagozkien "eginkizunei" aurre egiteko eskatu beharko litzaieke.
"Besteok laguntzeko, hobetzeko, bultzatzeko, lortzeko gaude, baina Mondragon Taldeari dagokio esatea Fagorrek nora joko duen esatea. Zeintzuk diren etorkizuneko oinarriak, zer egin lezake taldeak langabezian dauden langileen egoera konpontzeko, nahiz eta behin behinean izan, Fagor bera hazi eta garapena lortu bitartean eta esan behar du ere bai nork egingo duen proiektu industriala", gaineratu du.
Erabakiok, jeltzalearen iritzian, "taldetik atera behar dira" eta, horrenbestez, Iñigo Urkullu lehendakariak "seriotasunez" Mondragoni eskatu dio "talde bezala zein punturaino esku hartuko duen" eta "enpresarako plan bat, enplegurako, etorkizunerako eta plan industrial" bat ere eskatu dio.
"Enpresa bera, eta taldea, izan behar da eragile nagusia. Besteok lagundu beharko dugu, ahalik eta lasterren lehengo martxa berreskuratu dezan", adierazi du.