Politika -

'Tantaz tanta'

Presoen aldeko ekitaldia antolatu dute Gernikan azaroaren 9rako

Astra gunean izango da ekimena, eta Bilbon urtarrilaren 11an egingo duten manifestaziorako lehen pausoa izango da.

Gernikako ekitaldiak 'Tantaz tanta' leloa izango du, Herriraren aldeko manifestazioak bezala. EiTB
Herriraren aldeko manifestazioa
Gernikako ekitaldiak 'Tantaz tanta' leloa izango du, Herriraren aldeko manifestazioak bezala. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal gizarteko arlo ezberdinetako lagunek presoen eskubideen aldeko ekitaldi "publiko eta herrikoia" antolatu dute azaroaren 9rako Gernikako Astra gunean.

Bilbon egindako prentsaurreko batean azaldu dutenez, Bilbon urtarrilaren 11an egin asmo duten manifestaziorako "lehen pausoa" izango da.

'Tantaz tanta' mugimenduaren izenean mintzatu dira ele-biz Juan Ibarrondo idazlea eta Begoña Zabala abokatua. Eurekin batera izan dira, besteak beste, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia eta EAko buruzagia izandakoa, edo Eva Ferreira AThleticeko kapitain ohia.

Irakurri duten oharrean, Herrira plataformaren kontrako polizia operazioa kritikatu eta Parot doktrina indargabetu duen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak emandako ebazpena txalotu dute.

Euren iritzian, "ETAk bere jardueren etetea iragarri zuenetik bi urte igaro diren honetan, onartezinak dira presoen giza eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriak".

"Egoera berriak distentsiorako eta bakerako pausoak behar ditu, eta bide horretan, presoen giza eskubideak errespetatzea gutxienekoa da", erantsi dute.

Ohartarazi dutenez, Espainiako Gobernuak "salbuespenezko" bere espetxe politika aldatzen ez badu, Parot doktrinaren indargabetzea "ez da Estrasburgotik edo nazioarteko beste epaitegietatik etorriko den azken erabakia"

Ekitaldia Astra gunean egingo dute

"Askatasunaren eta bakearen sinbolo den aldetik", Gernika aukeratu dute ekitaldia egiteko. "Gatazka konpontzeko eta garaile eta garaiturik gabeko eta denontzako eskubidedun bakea eskuratzeko lehen pausoa izango da", erantsi dute.

Astra gunearen sinbolismoa ere azpimarratu dute deitzaileek: "Behinola armen biltegia zena, autogestionatutako kultura fabrika da orain. Leku honek oso ondo adierazten ditu gure sentimenduak, arrazoiak eta asmoak", agertu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak doktrina parot Politika albisteak Presoak bideoak Gernika-Lumo albisteak ETA albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur